Ikasturte amaiera gertu dugu, eta hori ikasleen aurpegietan nabaritzen da.
Aitortu behar dut ez didatela inolako inbidiarik ematen azterketa-garai honetan. Ezta motxilak liburuz beteta ikusten ditudanean ere! Oso pisudunak dirudite!Bada, gauza bera pentsatzen zuen joan den mendeko 40ko hamarkadan, gerraostean, Angelita Ruiz Roblesek, liburu elektronikoaren, e-bookaren, aitzindariak. Gaurko gizalaba bera dugu.
Izan ere, bere asmakizuna ikasgai askotako gaiak zabaltzen zituen liburu mekaniko bat zen, arina, aire konprimitu eta zirkuitu elektrikoduna, eta argi eta lupen sistema baten bidez beste gai batzuekin lotuta zeuden ikasgaiak zabaltzen zituena.
Angela Ruiz 1895ean jaio zen, Leonen. Irakasle ikasketak egin zituen, eta Ferrolera joan zen oposizio batzuk atera ondoren. Han, helduentzako akademia bat sortu zuen, non maiz dohainik ematen zizkien klaseak langile analfabetoei.
1938 eta 1946 artean bere lan zientifikoari buruzko liburuak argitaratu zituen, eta hitzaldiak eman zituen. Hamasei liburu guztira. Gainera, oposiziogileei eskolak eman zizkien, eta berak sortutako akademia aurrera eraman zuen.
1944 eta 1949 artean hainbat proiektu egin zituen. Lehendabizikoa, atlas zientifiko-gramatikala izan zen, Espainiaren eta gaztelaniaren gaineko informazioa biltzen zuena. Unitate didaktiko bereizietan banatuta zegoen, baina haien arteko kontzeptu lotura zegoen.
Hurrengo asmakizuna, takimekanografia-makina izan zen, zeinuen eta karaktereen ordena berria eskaintzen zuena, lotura sistematikoekin eta kateatze erraz eta naturalarekin. Horrela, irakurketa azkarra eta itzulpen erraza bermatzen ziren.
1949an aipatutako entziklopedia mekanikoa patentatu zuen, e-bookaren edo liburu elektronikoaren lehen aurrekaritzat hartzen dena. Asmakizuna bi zatitan banatutako liburu bat zen. Lehena oinarrizko ezagutzetara bideratuta zegoen (irakurketa, idazketa, zenbakiak eta kalkulua). Ikasleek letrak eta zenbakiak sakatuz, silabak, hitzak eta kalkulua egin zitzaketen.
Bigarren zatian karrete eta bobinak zeuden, eta haiei esker, hainbat gaiez informazioa lor zitekeen. Gainera, gai bakoitzari buruzko azalpenekin lotuta soinua sar zitekeen, eta hizkuntza desberdinetan eginak zeuden.
Ikasleei motxilen pisua arintzeaz gain, asmakizunaren helburua zen irakaskuntza arintzea eta ahalik eta ahalegin txikienarekin ahalik eta emaitza handiena lortzea.
Liburu bakar horrekin ikasleak nahikoa izan beharko luke egun osoko irakasgaietarako, eta motxila astun bat garraiatzea ez litzateke beharrezkoa izango.
Argia, tinta luminiszenteak, zoom egiteko kristala eta materiak irakurtzeko kristala ere bazituen liburu elektroniko hark.
Egin zen prototipoak ez zituen barne hartu diseinatutako funtzionalitate guztiak, teknologikoki horietako asko erronka handia baitziren garai hartarako. Beraz, imajina ezazu zer-nolako burua zeukan Angelitak, eta nola aurreratu zitzaion orduko garaiari.
Angelak errekonozimendu/aitortza eta sari asko jaso zituen Espainian eta Frantzian, Belgikan, etab., baina enpresa bakar batek ere ez zuen bere liburu interaktiboa merkaturatu nahi izan.
1970ean Washingtonetik iritsi zitzaion proposamen bakarra izan zuen, baina uko egin zion, asmakizuna bere herrialdean garatzea eta merkaturatzea espero zuelako. Oker zegoen. Ez zuen lortu.
Hala ere, gaur egun burua altxatuko balu, ikusiko luke egungo e-bookak liburu mekanikoaren patentean aurreratutako ideia asko biltzen dituela: liburuak irakurtzeko euskarri-gailu bat da; orriak pasatzeko eta edukia mugitzeko botoiak ditu; zabaltzeko zoom bat, iluntasunean irakurtzeko argia du, eta testu eta irudi itxurako informazioa eskaintzen du.
Angelita Ferrolen hil zen 1975ean. 80 urte zituen.