“Geroz eta langile gutxiagorekin geroz eta lan zama handiagoa dago Landabenen”

Haritz Pascual Garjon 2024ko api. 29a, 09:54

Bi eguneko greba deialdiarekin ekin diote lan asteari Volkswagenen. Gaur astelehenean CGTk deituta, bihar asteartean berriz ELAk. Lan alorreko osasunaren nazioarteko egunaren harira, Landabengo lantokian bizi dituzten lan baldintza kaxkarrak mahaigaineratu nahi dituzte horrela.

“Hamar urte hauetan %6tik %12ra igo da absentismoa Landabenen” dio ELA sindikatuko Igor Peñalverrek, “Hau ez da onargarria, kateetan geroz eta lan zama handiagoa dago eta lan errepikakorrak gure osasunean eragina du”. Modelo berrien ekoizpenak gainera ez du egoera lasaiagoa izaten lagundu. “Geroz eta gehiago eskatzen digute, geroz eta langile gutxiagorekin gehiago egitera behartzen gaitu enpresak” salatu du Peñalverrek, “Auto berri hauek osagarri gehiago dituzte muntatzeko eta ibilgailuetan jartzeko eta horrek lan zaman eragina izan du”.

ELA sindikatuko ordezkariak argi du, lan zama banatu behar da, langileen osasuna zaintzeko. “Behar ditugu langile gehiago kateetan, orain bost pertsonaren artean egiten duguna seiren artean egitea” azaldu du Igor Peñalverrek, “Horrek ez du eraginik izango auto ekoizpen kopuruan baina bai langileen osasunean”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!