Ana de la Quadra Salcedo Irunen jaio zen 1935ean
Filosofia eta Letrak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitatean, eta Geologia Aplikatua, Paleontologia eta Antropologia landu zituen, Henry de Lumley-rekin Parisko Gizakiaren Museoan, eta Euskal Etnologia Jose Migel Barandiaran-ekin Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kulturako Katedran.
Jose Migel Barandiaranen ikaslea izaten jarraitu zuen luzaroan. Horrez gain, Julio Caro Baroja antropologoa izan zuen irakasle, baita Julio Martinez Santa-Olalla ere.
Azken horren eskutik Gizakiaren Historia Primitiboko Mintegian eta Madrilgo Udal Arkeologia Institutuan sartzea lortu zuen.
Izan ere, sortu zenetik, Martinez Santa-Olallak zuzendutako Madrilgo Udal Arkeologia Institutuko lankideetako bat izan zen.
Paleolitoko aztarnategien azterketan espezializatu zen lehen emakumea izan zen, eta, horren ondorioz, oso lan interesgarriak eta preziatuak egiteko aukera izan zuen hainbat kobazulotan: Madrilgo Orcasitasen (han Julio Martinez Santa-Olallarekin batera aritu zen), Santanderreko Pendoko haitzuloan, berriz Julio Martinez Santa-Olallarekin eta André Leroi-Gourhanekin, eta Gipuzkoako Lezetxiki, Kobatzo eta Aitzbitarten, Jose Migel Barandiaranekin.
Esperientzia horri esker, Malagako Nerja haitzuloko indusketak zuzentzeko hautatu zuten, eta 1962 eta 1963 artean Manuel Pellicerren lekukoa hartu zuen.
Gainera, Ana Maria Vicentekin batera, Kordobako Los Murcielagos haitzulo neolitikoko lehen indusketaren zuzendaria izan zen 1962an.
Iruñea inguruko prospekzio-lanak ere zuzendu zituen, eta Paleolitoko aurkikuntzak eta Brontze Aroko hainbat aztarnategi aurkitu zituen bertan. Ikerketa arkeologikoa eta espeleologia uztartu zituen, eta harpeak dokumentatu zituen lehen emakumeetako bat izan zen.
Arabiera ikasi zuen, baita euskara ere, toponimoen, heraldikaren eta genealogiaren esanahia ulertzeko.
Espainiako eta Iberoamerikako artxiboetako konkistatzaile hispaniarrei buruz ikertu zuen.
Mendeurrenerako Batzordeko kide izan zen, eta 1992an sustatu zuen Cristobal Colonen karabela baten erreplika zen Niña III-rekin egindako Etaio kapitainaren espedizioa, Espainiatik Ameriketarako zeharkaldia imitatu zuena.
Sinesmen katoliko sakonekoa eta politikoki konprometitua, karlismoaren ideala defendatu zuen, eta Nafarroako Foru Aliantza alderdi politikoaren sortzailetako bat izan zen.
Gainera, argazkilari oparoa eta bidaiari nekaezina izan zen.
Aldazko bere etxean hil zen 2013ko urtarrilaren 1ean, 78 urte zituela.