Arrats arrunt bat, aspertu gabe pasatzeko proposamena da Maite Mutuberriaren azken lanarena: Arrats zapo bat. Aurreko bi album ilustratuetan egin bezala, azken album honetan ere bera izan da sortzaile bakarra: "Liburua bere osotasunean sortzeak badu berezitik. Letren eta irudien arteko solasaldiak sortzen dira, keinuak bi hizkuntzen artean", azaldu du. Ez da ezer irakastera etorri liburu honekin: "Irri egiteko aukera ematen duen albuma da. Besterik gabe ongi pasatzeko", esan du.
Mutuberria haur eta helduentzako kartelen eta liburuen ilustratzailea da. Euskadi Literatura Saria, Ricardo Arregi Kazetaritza saria edota Etxepare Sariak jasoak ditu. Arrats zapo bat ilustrazio liburua, Pamiela argitaletxeak kaleratu du. Euskaraz ez ezik gaztelaniaz, galegoz, katalanez, italieraz eta portugesez ere irakur daiteke.