Entzutekoak

Bakarne Atxukarro: "Frances Northcutt, Poppy,k erakusten digu zer genero arrakala handia dagoen NASAn"

Reyes Ilintxeta 2024ko api. 16a, 16:46

Frances Northcutt NASArentzat lan egin zuen matematikari bat da, eta erabakigarria izan zen Apolo 13ren erreskatean. Gero, abokatu bihurtu zen, eta kausa feminista garrantzitsuen buru izan da. Egun 81 urte ditu eta lanean jarraitzen du berdintasunaren alde.

Frances Northcutt, Poppy

 

Joan den astean “Apolo 13” filma ikusi nuen. Gogoan duzu, ezta? Bertan ikusten da nola 1970eko apirilaren 13an, NASAk mezu bat jaso zuen hiru  lagun ilargira  zeramatzan Apolo 13  espazio-ontzitik: “Ok, Houston, we´ve had a problem here” (“Bale, Houston, arazo bat izan dugu hemen).

Oxigeno tankeek eztanda egin zuten, eta astronautak Lurretik 320.000  kilometrora zeuden. Egoera kezkagarria zen, eta eskifaiaren biziraupena ingeniari-talde baten eskuetan zegoen, etxera itzultzeko behar ziren maniobrak kalkulatzeko gai izan behar baitzuten.

Talde horretan Frances Northcutt matematikaria zegoen, Poppy izenez ezagunagoa. Lurrera itzultzeko misioetako ibilbideak kalkulatzen zituzten programak garatzen lan egiten zuen.

Bere lana propultsatzaileak zein angelutan piztu behar ziren kalkulatzea zen, bai eta ontzia Lurrera itzultzeko ibilbide egokian zegoela ziurtatzea ere, horrela, Lurreko atmosferara sar zedila arazorik gabe.

Korridore hura oso estua zen, eta horra sartzeko behar ziren kalkuluak oso zehatzak ziren; huts eginez gero, ontzia erre zitekeen.

Apolo 13.aren kasuan  profesional taldeak  ez zuen hutsik egin, eta  astronauta guztiak etxera bueltatu ziren. Horregatik, talde osoak Askatasunaren Domina Presidentziala jaso zuen, Ameriketako Estatu Batuetako garrantzitsuenetako bat.

Poppyk hasieratik  hartu zuen parte Apolo Programan; 1968an, NASAren kontrol-zentroko  lehen emakume ingeniaria izan zen. Matematika ikasi zuen Texaseko Unibertsitatean.

Misioetan  jardun aurretik, «giza konputagailua» izan zen, NASAren ibilbideak, denborak eta abar garatzeko kalkulu matematikoez arduratzen ziren beste emakume asko bezala.

15 urteren ondoren, ingeniari soldatapeko lanpostura igo zuten. Apolo 8 misioan hasi zen. Apolo 11 misio arrakastatsuan parte hartu zuen, gizakiarentzat pauso txiki bat izan zena, baina gizadiarentzat urrats handi bat izan zen hartan. Bere lana espazio-ontziaren itzulerarako ibilbideak kalkulatzea zen,baina baita Apolok ilargira jaisteko motorra diseinatu eta eraikitzea ere.

Apolo Programan egindako lana aitortzeko bere izena jarri zioten ilargiko krater bati.

Apoloren misioetan egindako lanari esker, Ilargira zihoazen tripulazioak Lurrera itzultzeko ibilbide eraginkorrak sortzen lagundu zuen. Misioak planifikatzeko eta erregai-eskakizun guztiak optimizatzeko aplikazioak sortzen lagundu zuen. Eta misio  guztietan egindako lana ezinbestekoa izan zen astronautak onik  itzul zitezen misio horietatik.

Gainera, NASAko emakume ingeniariei eta, azkenik, astronautei bidea  zabaldu zien.

Hala eta guztiz ere, komunikabideentzat «misioaren kontroleko ilehoria» edo «NASAren Texaseko arrosa» baino ez zen izan. Era berean jokatu zuen irrati batek ere, misioetako lanaz hitz egiteko gonbidatu zutenean, eta itxurari buruz bakarrik galdetu ziotenean.

Beharbada horregatik, edo bere lankide gizonezkoei aparteko orduak ordaintzen zizkietela jakin zuelako, eta berari ez, Apolo Programan egon ondoren,Houstongo Unibertsitatean gauetan zuzenbidea ikastea erabaki zuen.1981ean lizentziatu zen.

Fiskal batentzat lan egin zuen. Geroago,Alabamako apelazio-epaile federal baten idazkari gisa, eta, azkenik, abokatu pribatu gisa lan egiten amaitu zuen.

Batez ere emakumeak defendatu zituen. Adibidez, bortxaketa kasuak salatzen zituzten emakumeei poliziaren tratamendua hobetzeaz arduratu zen. Ospitaleei bortxaketa froga egitera joaten zirenak salatzea debekatzen zien legea onartzen ere lagundu zuen.

Poppy Houstongo eta Texaseko Emakumeentzako Erakunde Nazionaleko presidentea izan zen, eta Emakumeen Askapenerako Mugimenduan murgildu zen manifestazioak eta grebak koordinatzen lagunduz. Rol horretan, sexu-diskriminazioa ezabatzen lagundu zuen Houstongo suhiltzaileen sailean;akordio bat negoziatu zuen Houstongo polizia buruarekin emakumeei sartzen utziko zien unea adosteko; soldata-berdintasunari buruzko azterketa handi bat egin zuen, eta nomina osoa aztertu zuen lan berberak alderatzeko.

2019an, Apolo 11 misio arrakastatsuaren 50 urteak  ospatu zirenean,Emakumeen Erakunde Nazionalak egin zion ohore, Estatu Batuen misio espazialari, genero-berdintasunari eta emakumeentzako lege-babesari egindako ekarpen historikoengatik.

Gaur egun, 81 urte ditu eta hainbat komunikabideri elkarrizketak ematen jarraitzen du. Horietan defendatzen du nazioarteko lankidetza handiagoa behar dela, eta helburua izan behar dela Ilargira itzultzea eta, ondoren, Martera iristea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!