Nafarroako Lehen Hezkuntzako 4. mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleek Pisa azterketak egingo dituzte hiruhileko honetan zehar. Zehazki DBHn apirilaren 17an abiatuko dituzte azterketak eta hiru egunetan gauzatuko dituzte arloaren arabera; eta LHn, maiatzaren 9an abiatuko dituzte eta 14ra arte iraungo dute.
Aurtengo PISA frogan berrikuntzak iragarri ditu Hezkuntza Departamentuak. Izan ere, lehen aldiz, ingelesa, mundu digitaleko ikaskuntza eta klima-aldaketari eta ingurumenari buruzko ezagutzak ebaluatuko dira. Gainera, aurten, DBHko lau ikastetxetan formatu digitalean egingo dute konpetentzia linguistikoa neurtzeko azterketa, bai euskaraz, baita gaztelaniaz ere.
Hezkuntza Departamentuaren arabera, guztira 7.597 ikaslek egingo dute ebaluazio diagnostikoa, 3.702 neskak eta 3.985 mutilek . Ikasleen %63,6k ikastetxe publiko batean ikasten du, eta gainerako % 36,4ak itunpeko sarean. Hizkuntza-ereduei dagokienez ia hamarretik zortzik gaztelaniaz ikasten du; 1.757 ikaslek egingo dute euskarazko azterketa D eredukoak izanagatik. Asteazkenean, apirilaren 17an matematika eta zientzia probak egingo dituzte; ostegunean, gaztelania eta ingeleseko hizkuntza-gaitasuna; eta azkenik, ostiralean D ereduko ikasleek euskarazko gaitasun-proba egingo dute.
LHko 4. Mailako ikasleek maiatzean hasiko dituzte azterketak eta D ereduan euskarazko probarekin hasiko dira. Bigarren egunean, maiatzaren 10ean gaztelaniako proba, eta ondoren, 13an matematika, eta, azkenik, maiatzaren 14an ingelesezko azterketa egingo dute. Guztira, 7.112 ikaslek egingo dituzte azterketak.
Ebaluazio diagnostikoko proba hauen helburua da Nafarroako hezkuntza-sistemaren egoera orokorra ezagutzea eta ikastetxeei zein familiei ikasleen egoerari eta gaitasunei buruzko informazio osagarria ematea. Hartara, ez du eraginik ikasleen ebaluazioan. Hala ere, ekainaren 7tik aurrera, ikastetxeek PISA frogen emaitzak jasoko dituzte ikasle bakoitzaren emaitzak banan-banan aztertu ahal izateko.