Aurrekontuak izanen ditu aurten Iruñeak. Apartekoa da, herria geldirik eta blokeatua egon delako. Aurreko legealdietan UPN ez da gai adostasunetara iristeko. Garai horiek bukatu eta aro berri batean gaudela esan du Ogasun eta Kontratazio Publikoko zinegotzi Garbiñe Buenok. Hiriak behar eta merezi dituen aurrekontuak izanen dituela dio. Sozialak, ausartak, berritzaileak eta hirian eraginkortasuna izanen dutenak. Herritarrak aintzat hartzen dituenak. Laguntza gehien behar duten iruindarrak hartu dituztela kontuan esan du. Elkarlana, elkartasuna eta leialtasunaren bidea hartu dutela esan du. Erakundeak herritarren zerbitzura jarrita. Bizikidetzan urrats bat gehiago egiten dela iruditzen zaio Buenori.
Lau indar politikoren elkarren arteko lana goraipatu du Buenok, nork bere berezitasunak eta egitasmoak albo batean utzita bat egiten jakin dutelako. Denok ahalegina eginda. Hiria, norberaren interes eta ikuspegien gainetik jarrita. "Atzean inor utziko ez duen" aurrekontua dela gaineratu du. "Orekatuak, sozialak, anbiziozkoak eta ilusionagarriak", nabarmendu du. Lau zutabe nagusi aipatu ditu Buenok: gastu soziala, proiektu handiak sustatzea, bizikidetza lehen lerrora ekartzea eta auzoak hobetuko dituen egitasmoak. Ahaztu gabe, berdintasuna, mugirkotasun jasangarria, promozio ekonomikoa, kultura eta parte hartzea eta euskararen aitortza. Etxebizitza eskuragarri bilakatzea ere bada erronka. Geldirik zeuden proiektuei bide ematea ere bai: Sanduzelaiko biribilgunea, Saarasate pasealekua, Erripagaina auzoa, LGTBI+ plana, Donibaneko haur eskola…
"Koldarkeria" leporatu dio eskuinak
Kritikak lehen unetik eskuinarengandik jaso ditu. "Ezezko borobila da UPNrena", gogorarazi dio Maria Txabarri erregionalistak. Alderdi sozilistari bota dizkio hitzik gogorrenak beste behin: "EH Bilduri txeke txuria ematen ari zarete eta traizioa egitea leporatu dio. Horrez gain, kudeaketa zentzugabea egitea ere egotzi diote udal taldeari.
Alderdi sozialistako Marina Curielentzat rol zaila egokitu zaio Etxabarriri. Eta UPNri eskatu dio eboluzionatzeko eta albo batera uzteko gezurren bidea. Ziklo berri baten hasiera dela sinetsirik dago alderdi sozialista eta harro daudela esan du.
Geroa Bairentzat ere egun handia da Iruñearentzat gaurkoa. UPNri leporatu dio batere kolaboratzeko nahirik ez izatea. Are gehiago, oztopoak jartzea. Bide hori utzi eta proposamenak egitera deitu ditu. Alderdi sozialista egiten ari den bezala. Norabide berrian bazterkeriarik gabeko Iruñea sortzen ari direla nabarmendu du Zurekin Nafarroako Txema Mauleonek. Anitza, aurrerakoia eta librea izanen den Iruñea baten alde ari direla.
2007tik aurrekonturik handiena
Iruñeko udal gobernuak eta PSNk 265 milioi euroko aurrekontua onartu dute gaur. 2007az geroztik onartutako aurrekonturik handiena da. Enrique Maiak aurrekontuak luzatuz aurrera egin zuen aurreko bi urteetan, eta, agintean eman zituen zortzi urteetan, praktika hori nagusitu zen, ez zuelako behar bezainbat babes, ez eta akordioak egiteko gaitasunik ere. Cristina Ibarrolaren agintaldi laburrak ere ez zuen ahalbidetu akordio bat bera ere.