Asteazkenean onartuko da Iruñeko Udalean tutoretzapeko etxebizitzetako arreta "egokiagoa" izateko lan taldearen handitzea eta etxebizitza horien zaintza "hobetzeko" langile gehiagoren kontrataziorako onarpena: "Lan talde organikoan bost pertsona gehiago izanen dira arreta zuzena eskaintzeko. Familia langile profesionalak izanen dira", azaldu du Txema Mauleon Ekintza Sozialeko zinegotziak. Horrez gain, etxebizitza horien eraikuntzak ongi zainduak egon daitezen ere lan taldea handitu eginen dute. "Neurriak hartuko ditugu tutoretzapeko etxebizitzetan bizi diren pertsonak duin bizi daitezen eta izan dezaten beharrezkoa duten arreta", gaineratu du Mauleonek. Joan den igandean tutoretzapeko etxebizitza horietako batean 85 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu zuten. Bizilagunen deia jaso zuten atari horren inguruan kiratsa zeriolako. Halakoak ekideiteko protokolo berri bat ere martxan jarriko dute "modu horretako heriotzak gehiago izan ez daitezen". Iruñeak 144 tutoretzapeko etxebizitza kudeatzen ditu bost auzotan: Donibanen, Arrotxapean, Iturraman, Arrosadian eta eraikitze fasean dagoen Azpilagañan.