Arrazakeria estrukturala dela salatu eta erakundeei inplikazioa eskatu diete Iruñean

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 25a, 08:47

Ehunka pertsona bildu dira arrazakeria estrukturala ozenki salatzeko eta Nafarroako erakundeen inplikazioa exijitzeko. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren kontrako oihuak entzun dira ozen Iruñean. Arrazagatiko Diskriminazioa Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna izan zen ostegunean eta larunbatean kaleak hartu zituzten arrazakeria amaitzeko antolatu beharra dagoela sinetsirik.

Manifestazioak tren bat balitz bezala hainbat geldialdi egin ditu hirian eta hiru antzezlan egin dituzte arrazismoa eta orokorrean bazterkeria pairatzen dutenen egoera erakusteko. Banketxe baten aurrean izan da lehen geldialdia: Kolorez margotutako maskarekin atera dira eta kartoiak lurrean jarrita haien gainean etzan dira. "Etxerik gabe daudenen egoera da krudelenetarikoa, hezkuntza eta osasun arreta ere ez dituzte ziurtatuta", salatu du Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak. Bigarren geldialdian sukaldaria ari zen janaria prestatzen: Maskaren atzean zeuden pertsonek ez dute jakirik jaso: bakarrik sukaldariaren mespretxua eta bazterkeria. Azkeneko antzerkia Udaletxe plazara iritsi baino lehen egin dute. Maskaradunak paretaren kontra jarri dituzte poliziaz mozorrotuko batzuek, eta borrarekin jo. Trenak Udaletxe plazan egin du azkeneko geldialdia: "Atzerritarren Legea eta araudi baztertzaile guztiak,  Migraziorako eta Asilorako Europako Ituna indargabetzeko eskatzen dugu, itxi daitezela behingoz CIEak", exijitu dute. Giltza zuri bat jarri diote udaletxeko atarian dagoen estatuari, mezu argi batekin: "Errolda denontzat".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!