“Iruñerriko euskaldunak, ikasleak eta euskaltzaleak elkartu nahi ditugu, harremana egin eta iritziak trukatzeko tartarrean giro goxoan” azaldu dute antolatzaileek.
“Aurreko bi Mintzodromoetan denetarik izan dugu hemen: helduak,…alde horretatik oso aberasgarria iruditu zaigu” azaldu du Zubiarte Euskaltegiko zuzendari Ainhoa Madariagak, “Helburua beti izan da, jende ezberdina elkartu, euskara euskaltegietatik kanpo ateratzea eta emaitza oso polita eta aberasgarria izan da”. “Familia giroa sortu da beti” gaineratu du AEKko Marta Molinerok, “ikasleak direnak agian beldur handiagoa zuten baina guztiendako oso aberasgarria izan zen. Beste mailetako ikasle eta beste euskaldunekin euskaraz erlazionatzeko atea irekitzen zitzaiela jaso zuten”.
Mintzodromoa Iruñeko autobus geltoki zaharrean, Geltokin, izanen da apirilaren 24ko arratsaldean. Aurreko edizioetako dinamika bera errepikatuko da: Hiru gai izanen dira mahai gainean, lau-bost laguneko taldeak osatuko dira 20 minutuz horietako batetaz aritzeko; denbora hori pasata berriz ere taldeak nahastu eta gai berri bati helduko dio bakoitzak. Azken edizioan bezala, Nafarroako euskalgintzako kide eta pertsona famatuek ere parte hartuko dute eta zozketak izanen dira amaieran. Euskalerria Irratiko Reyes Ilintxetak bideratuko eta aurkeztuko du lan saioa.
Izena emateko epea, apirilaren 19ra arte izanen da zabalik.