Entzutekoak

Ida Bell Wells-Barnett kazetari eta ekintzailea

Reyes Ilintxeta 2024ko mar. 12a, 18:17

1862an jaio zen. Kazetari, ekintzaile eta sufragista afroamerikarra izan zen. Bere bizitza arrazismoaren eta arraza-bereizkeriaren aurka eman zuen Estatu Batuetan. Hau da Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Ida Bell Wells-Barnett

Esklabutzan jaio zen Mississippin Emantzipazio Aldarrikapena baino hilabete batzuk lehenago.

24 urterekin ekintzaile bihurtu zen tren konpainiako gidari batek gizon zuri bati leku bat uztera behartu zuenean, gainezka zegoen pertsona beltzen bagoira bidaliz. Idak uko egin zion bere lekua uzteari. Beraz, gauza bera egiteagatik historian oso ezaguna den Rosa Parks baino 71 urte lehenago honek egin zuen.

Etxera itzuli zenean, abokatu bat kontratatu zuen tren konpainia auzitara eramateko. Auzia irabazi zuen, baina konpainiak apelatu egin zuen Tennesseeko Gorte Gorenean, eta horrek epaiari buelta eman zion. Gertakari horrek garraio publikoko arraza-diskriminazioari buruzko artikulu bat idaztera  bultzatu zuen, eta horrek erreferente bihurtu zuen, berdintasunaren aldeko borrokan.

Borroka horretan jarraitu zuen bere bizitza osoan. Izan ere, emakumearen boto-eskubidearen aldeko manifestazioetan, Wellek segregazioaren aurka egin zuen, eta, horregatik, beltza izateagatik ibilaldiaren atzean jartzea derrigorrezkoa zen arauari uko egin zion. Keinu horrek inguruko beltzen errespetua eman zion.

1889an erredaktore lanetan aritzen zen segregazioaren aurkako Memphiseko Free Speech (Adierazpen askatasuna) egunkariaren jabekideetako bat bihurtu zen.

Hiru urte geroago, jendetza batek hiru gizon beltz  atera zituen indarrez Memphiseko kartzela batetik, eta modu basatian hil zituen. Haietako bat Ida B. Wellsen lagun hartua zen. Wells ez zen konformatu  bertsio ofizialarekin, eta benetan zer gertatu zen jakin nahi izan zuen. Bere ikerketak lintxamendu horren atzean arrazoi ekonomikoak zeudela  erakutsi zion. Ohartu zen bere lagunaren negozioaren oparotasunak lehiakide zuri bat kezkatzen zuela, eta ez zuen zalantzarik izan aitzakia bat erabiltzeko "zurien konspirazio" bat leporatzeko. Hilketaren ondoren, zuri mordo batek Wellsen lagunaren negozioa suntsitu zuen, eta gero bere lehiakidearen esku geratu zen enkante batean. Gertaera horiek hunkitu zuten Ida, eta antzeko beste gertaera batzuk ikertzen jarraitu zuen.

Helburu horrekin, Ida  AEBetako hegoaldean ibili zen testigantza eta dokumentazioa bila, gaur egun ikerketa-kazetaritza bezala ezagutzen dena egiten, generoa oraindik garatu gabe zegoen une batean. Bere artikuluetan bere ikerketen emaitzak argitaratzen zituen.

Horrek guztiak arriskuan jarri zuen bere bizitza, eta Wellsek hiria utzi eta Chicagora joan behar izan zuen.

Baina han ez zen geldirik geratu. Wellsek eta buruzagi beltz gehiagok Chicagoko Colombina Munduko Erakusketari boikota egin zioten 1893an, eta horrek lege-arazo ugari eragin zizkion. Ondorioz, abokatu baten zerbitzuak kontratatu behar izan zituen, eta bi urte geroago harekin ezkondu zen. Eta horretan ere aitzindaria izan zen, senarraren abizenarekin batera bere abizena ere mantendu zuelako. Geroztik, Ida Wells Barnett izan zen, eta hori ez zen batere ohikoa. Izan ere hori lortzen zuen lehen emakume estatubatuarretako bat izan zen.

Kazetari ikertzailea izateaz gain, Ida mugimendu sufragistaren lider garrantzitsu bat ere izan zen. Emakume afroamerikarrek botoa emateko eskubidea izan behar zutela uste zuen, eta genero-berdintasunaren alde borroka egin zuen, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren barruan. 1909an, Pertsona Beltzen Aurrerapenerako Elkarte Nazionala erakundearen sortzaileetako bat izan zen. Elkarte horrek arraza-justiziaren alde borrokatzen jarraitzen du gaur egun.

1931ko martxoaren 25ean hil zen 68 urte zituela.

2020an Pulitzer saria jaso zuen hil ondoren, lintxamenduei, arraza-segregazioari eta emakume beltzaren boto-eskubideari buruzko ikerketa-artikuluengatik, bere aktibismoaren hiru ardatzetan egindako lanagatik, alegia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!