Hiria finkatzeko proiektuak, gastu soziala, bizikidetza eta auzoetarako inbertsioak ardatz, Iruñeko aurrekontuetan

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 11a, 13:38

Joseba Asiron alkatea udal gobernua osatzen duten gainerako zinegotziekin izan da aurrekontu aurkezpenean.

Iruñeko Udalak 2024rako aurrekontuak aurkeztu ditu gaur: 266.9 milioi euro izanen dituzte. "100 eurotik 41 izanen dira gastu sozialera bideratuko duguna eta 100 eurotik 20 auzoetan hobekuntzak egiteko", azpimarratu du Joseba Asiron alkateak. Hiriko proiektu handiak garatuko dituzte, arrazoizko prezioa izanen duten etxebizitzak, etxerik gabekoei irtenbide integrala eskainiko zaie eta bizikidetzan aurrera eginen da. Horixe nabarmendu dute udal taldea osatzen duten alderdiek. 

Hirirako proiektuak garatzeko inbertsioak, auzoetarako hobekuntzak, bizikidetzan aurrera egiteko planak eta gastu sozialera bideratuko dutena azpimarratu du Iruñeko alkate Joseba Asironek aurrekontuak aurkezterako unean. Ia 267 milioi euroko aurrekontua aurkeztu dute Iruñeko Udala osatzen duten alderdiek. "Geldialditik Iruñea aurrera aterako duen proposamena egikaritu dugu", nabarmendu du Asironek. Agerraldian EH Bilduko gainerako zinegotziekin batera izan dira Geroa Baiko Koldo Martinez eta Mikel Armendariz zein Contigo-Zurekineko Txema Mauleon ere.

"100 eurotik 41 gastu sozialera bideratuko ditugu eta 100 eurotik 20 auzo eta hiriaren hobekuntza lanetarako", esan du alkateak. Proiektu handien artean jarri ditu hauek: Sarasate pasealekuaren urbanizazio lana, Sanduzelai auzoko biribilgunerako ideien lehiaketa, Pio XII.a etorbideko lanak amaitzea, Erorien Monumentua, Erripagaña auzorako Civivoxa edota pilotaren interpretazio zentroaren sorrera.

Etxerik gabekoentzat irtenbide "osoa"

Arloz arlo xehetu dituzte ildo nagusiak. Horien artean, Sustapen Ekonomikoko eta Europar Proiekzioko zinegotzi berezi Koldo Martinezek nabarmendu du belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzera joko duela. Gizarte Ekintzako zinegotzi Txema Mauleonek berriz, lau ardatz nagusi nabarmendu ditu: etxez etxeko arreta indartzea, zentro okupazional berriaren sorrera, familiei laguntzak eta etxerik gabekoei arreta integrala, osoa eskaintzea. 

Etxebizitzarena ere gai nagusitzat joa du udal gobernuak eta bide horretan arrazoizko prezioa izanen duten etxebizitzak sustatuko dituzte. Martxoaren 27ko  osoko bilkuran onartuko dute behin betiko 2024rako Iruñerako aurrekontu proiektua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!