Tentsioa parlamentuko ateetan, nekazariak indarka sartzen saiatu direla eta

Haritz Pascual Garjon 2024ko mar. 7a, 10:51

Nafarroako Parlamentuan gaur dira bozkatzekoak 2024ko aurrekontuak. Hainbat hedabideren arreta erakartzen duen une hori protesta egiteko aprobetxatu nahi izan dute F6 mugimenduko nekazariek eta abeltzainek. Goizean goiz abiatu dute elkarretaratzea foru legebiltzarraren parean, ohi dutenez, traktore eta guzti. Han bertan gosaria egin dute, eta barruan osoko bilkura hastekoa zelarik, 9:15 aldera, indarka sartzen ahalegindu dira. Une horretan, bultzadak, kolpeak eta tentsio handia izan dira atea zaintzen zuten foruzainen eta protestan ziharduten nekazarien artean.

"Ez badigute sartzen eta hitza hartzen uzten, berriz saiatuko gara indarrez sartzen", errepikatu dute behin eta berriz. Azkenean, protesta egileen lau ordezkariri parlamentuan sartzeko aukera eman diete. Osoko bilkura amaitzen delarik, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek iragarri du prentsaurrekoa eginen duela, gertakaria baloratzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!