Entzutekoak

Julia Fernandez Zabaleta maistra eta abertzale iruindarra

Reyes Ilintxeta 2024ko mar. 5a, 19:35

Julia Fernandez Zabaleta (1898 – 1961) Iruñeko Dormitaleria karrikan jaio zen. Haren bizitzak hiru ardatz izan zituen: euskal kulturaren sustapena, emakumearen eskubideak eta pedagogiaren berrikuntza. Berak ekarri zuen Montessori metodoa Nafarroara eta  Iruñeko lehen Euskal Eskola gogoz bultzatu zuen, “Euskeraren Adiskideak” elkartearen ekimenarekin bat. Hau da Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Julia Fernandez Zabaleta

Duela oso gutxi Iruñeko Txantrea auzoko kale batzuei gerra zibilean bazterturik geratu ziren emakume batzuen izenak jarriko dizkietela jakin genuen.

Horietariko bat gure gaurko gizalabarena  da, Julia Fernandez Zabaleta, hain zuzen.

Iruñean jaio zen 1898an, eta irakaslea izan zen. Baina haren izena ezaguna da nazionalista eta emakumeen sustapenaren defendatzailea izateagatik.

Iruñean bertan bere lehen ikasketak egin eta gero, San Jose plazan zegoen Irakasle Eskolan egin zituen maistra izateko ikasketak.Oso nota onekin bukatu zituen, eta, horren ondorioz, Iruñeko Udalak beka bat eman zion 1916an, Bartzelonan Maria Montessorirekin ikasteko. Han Italiako irakasle ospetsuaren pedagogia metodo berritzailea barneratu zuen, eta, etxera bueltatzean, oposizio baten bidez Udal Eskoletan plaza lortu, eta horietan metodo hori sartu zuen.

1921eko urtarrilaren 15ean, Iruñeko Maistren Eskolako Ikasle Ohien Elkartean parte hartu zuen: eskola  hura emakumeen sustapen kulturala eta profesionala bultzatzeko giltza izan zen .

Euskaltzaindiarekin eta Euskal Esnalea kultur elkartearekin elkarlanean aritu zen euskara sakontzen, lantzen eta hedatzen.

Euskararen aldeko ekimen publikoetan behin baino gehiagotan parte hartu zuen Iruñerrian, eta eskualde euskaldunetan ere bai.

1923an Euskal Egunetan parte hartu zuen hizlari gisa, Euskaltzaindiaren eskutik. Beste gai batzuen artean feminismo internazionalaren defentsa egin zuen, euskaraz.

Bigarren Errepublikan, Euskal Eskolak bultzatzeaz gain, Iruñean, eta handik Nafarroako hainbat herritan, Emakume Abertzale Batza (EAB) ezartzea sustatu zuen.

Erakunde hura Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) filiala zen, baina emakumeena. Hasieran,  Bilbon besterik ez zuen indarrik baina, gero, Euskal Herri osora hedatu zen, eta Iruñera iritsi zen gure gizalabaren eskutik. Bera izan zen lehenengo lehendakaria.

EAJ alderdi politikoan nahiko sarturik ibili zen. Izan ere, hogeita hamarreko hamarkadan alderdian tokiko eta eskualdeko arduraren bat bete zuen emakume bakarrenetako bat izan zen.

 Gerora Euskal Unibertsitatearen oinarriak ezartzeko Eusko Jaurlaritzak sortutako batzordean parte hartu zuen, 1936ko urriaren 12an.

Baina 1937an irakasle kargutik kendu zuten arrazoi politikoengatik. Erregimenaren kontrakoa izatea leporatu zioten.

1951n Eliza Katolikoak eskumikatzeko mehatxua egin zion.

1958ra arte ezin izan zuen bere lanbidea ofizialki bete, nahiz eta modu pribatuan egin ordura arte.

3 urte geroago zendu zen, 1961ean, alegia. Hiletan Emakume Abertzale Batza erakundeak egiten zuen omenaldi sinbolikoa jaso zuen: hilkutxan lore sorta bat utzi zuten ikurrinaren koloreduna. Ez da asko, baina kontuan hartu behar da garai hartan kolore horiek agintariek ez zituztela begi onez ikusten.

Orain, Iruñeko kale batek bere izena izango du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!