Aurten Iruñeko Udalak 262,5 milioi euro izanen ditu. Horietatik, inbertsiorako, 25 milioi euro izanen dira, baina maiatzetik aurrera beste hogei milioi euro izatea espero du, udalaren lur sail batzuk salduz lortuko den diruari eta iazko soberakinei esker. Gauzak bere bidetik joanda, martxoaren 27an onartuak geratuko lirateke aurrekontu berriak. 2021ean onartu zituzten azkenekoz Iruñelo udalean aurrekontuak pandemia garaian erdietsi zituen Enrique Maya alkateak Navarra Suma koalizioarekin alderdi sozialistak babestuta.
Oraingoan, EH Bilduko Joseba Asiron aginte makila eskuratzetik bi hilabetera, prest daude. Geroa Bai eta Zurekin Iruñea koalizioarekin batera osatu ditu eta alderdi sozialistaren zuzenketekin aterako dira aurrera.
Lau zutabe nagusi izanen lituzke aurrekontu proiektu horrek:
- Berdintasuna sustatzeko neurriak
- Bizikidetza, aniztasuna eta zaintza lanak
- Etxebizitza sozialak, ekipamendu kulturalak eta kalitatezko espazio publikoak
- Trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria eta natur gune gehiago sortzea hirian.
Horiez gain, nabarmentzekoak dira: Auzoetan eginen dituzten planak, Elkarbizitza Plana sustatzea edota indarkeria matxistari aurre egiteko bideak. Proposamen konkretuagoetan leudeke: Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa, Pio hamabigarrenaren bide jasangarria, etxebizitza sarbide arrazoizkoa bultzatzea edota Erripagaña auzorako irtenbideak.
Alderdi sozialistak egindako zuzenketen artean leudeke: Erorien Monumenturako egitasmoa, Buztintxuri auzorako liburutegia edo gertuko saltokiak bultzatzeko neurriak.
10:00etan emanen dituzte xehetasun guztiak horretarako iragarria baitute agerraldia. Bertan izanen dira, udal gobernua osatzen duten alderdi politiko guztietako ordezkariak eta baita alderdi sozialistarena ere. Sinatu eginen dute aurrekontuen akordio hori.