Martxoak 8

Usua Purroy: "Amagintzak edoskitzean babesa eta laguntza eskaintzen die amei"

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 1a, 11:04

"Erditzea lagunduta eta babestuta dagoen etapa da ama batentzat, baina erditze ostea askoz ere gutxiago lantzen da", azaldu du Usua Purroyk. Egoera zaurgarria izaten da ama izan berri den batentzat une hori eta edoskitzean izan daitezkeen zailtasunak, zalantzak eta galderak erantzutea da Amagintza elkartearen xedea. Hogeita bost urteko ibilbidea osatu dute eta horretan segitzeko asmoarekin ari dira titia emate prozesua "errazten". 

Amagintza elkartean haur jaio berrien amak lagundu nahi dituzte. Edoskitze prozesuan ondoan izan eta sortu daitezkeen dudak erantzutea dute asmo. Horretarako, boluntario talde bat dago atzean. Ama izan diren eta titia euren seme-alabei eman dieten boluntarioak dira gehienak. "Ama izan berritan zaurgarri dago emakumea. Edoskitze prozesuan laguntza eskaintzen diegu. Babes gune gara, gune segurua", azaldu du Usua Purroyk Euskalerria Irratiko elkarrizketan. Izan ere, erditze aurreko egoerak eta erditzea bera oso lagundua eta landua dauden prozesuak direla iruditzen zaio Purroyri, baina ez ordea erditze ostea: "Guztiz ahaztua dago haurra jaio eta berehalako unea", esan du. Horregatik, ama izan berriari babesleku bat eskaintzen dio Amagintzak. 

25 urteko ibilbidea

Amagintzak hogeita bost urte daramatza edoskitzearekin loturiko aholkularitza eta babesa helarazten. Urteurrena aurten ospatzeko asmoa dute eta hori baino lehen galdetegi bat ere betetzeko eskatzen ari dira. Jasotzen dituzten erantzunekin sorpresa bat prestatzea da euren nahia. Gaztelaniaz dago galdetegia baina euskarazko erantzunak ere jasotzen ari dira eta gehiago jasotzeko nahia dute. Hemen erantzun daitezke galdera horiek. Euskalerria Irratian Usua Purroyri egindako elkarrizketa osorik argazkian klik eginda entzun daiteke. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!