1080 Orain Herri Ekimenak jakinarazi du kalean segituko duela mobilizatzen Nafarroako pentsiorik txikienak gutxienez 1.080 eurokoak izan arte. Horretarako, Nafarroako Gobernuak baduela eskumena iruditzen zaie eta duindu beharko lituzkeela pentsionisten bizitzak.
Egingarria dela iruditzen zaie eta ahalik eta lasterren egitea ere bai. "Aurrera pausuak eman dira" pentsio txikienak goratzeko prozesuan, baina berandu datozela uste dute. Lan talde bat ariko da ekimenaren aldarrikapenak aztertuko dituena parlamentuan. "2024ko aurrekontuen bitartez nahiko genuke pentsiorik txikienak osatzea", adierazi du Iñaki Zabaletak Herri Ekimenaren izenean.
Ostegunean manifestazioa eginen dute. 11:00etan Iruñeko Udaletxe plazan dute hitzordua. 2024ko aurrekontuetan 1.080 euro arteko gutxieneko pentsioak erdiesteko osagarriak bideratzea eskatuko dute. Halaber, duela zenbait hilabetetik hona abian duten kanpainan bildutako sinadurak eta udaletan aurrera ateratako mozioak ere aurkeztuko dituzte.