Iruñeko auzorik populatuena da Arrotxapea. Han dituzten beharrak identifikatzeko eta irtenbidea eskatzeko sortu zen duela urtebete Arrotxapea Auzolan taldea. Osasun Etxean dituzten beharrei erreparatu diete hasteko. Hain zuzen, osasun etxearen parean elkarretaratzea eginen dute gaur 18:00etan. "Onartezina da ilara luzeak sortzea egunero-egunero medikuarekin txanda eskatzeko", azaldu du Eneritz Esteban Arrotxapea Auzolan taldeko kideak. Premiazko jo dute osasun etxeari beharrezkoak dituen baliabideak ematea: "Ezinbestekoa da auzokideei arreta egokia eskaintzeko neurriak hartzea. Goizeko 06:00etatik sortzen diren ilara luzerik gabe eta astebete baino gehiago zain egon gabe medikuak ikus zaitzan", gaineratu du.
Duela urtebete baino "egokixeago" daudela ere adierazi du Estebanek. Garai hartan guztiz "kolapsatuta" zegoen osasun etxea eta orain "mediku bat gehiago" jarri diete zentroan: "Zuzendaritzak jakinarazi zigun profesional bat gehiago ari zela lanean anbulatorioan". Hori, baina ez da nahikoa dauden gabezia guztiak betetzeko, kritikatu du. Presioa egiten segitzeko asmoa dute, "egoera hobetzetik kalitatezko zerbitzu bat erdiesteraino". Horretarako gaur protestarako deia egin dute. Horrez gain, sinadura bilketa abiatuko dute eta erreklamazio kanpaina bat ere bai.