Entzutekoak

Maria Magadalena Petraccini, jaio berrien zainketen berritzailea

Reyes Ilintxeta 2024ko urt. 30a, 18:29

XVIII. mendeko mediku honek ume jaio berrien zainketarako jarraibide berriak zabaldu zituen. Hau da aste honetan Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Maria Magdalena Petraccini

Florentzian jaio zen 1759ko azaroaren 12an, Toscanako merkatari familia batean.

25 urte zituela, Francesco Ferretti mediku eta anatomiako irakaslearekin ezkondu zen, eta hari esker kirurgiarekiko interesa piztu zitzaion. Horregatik, senarrak jardunbide horretan sartu zuen, eta ebakuntzak egiten irakatsi zion, hildakoen gorpuak erabiliz. 

Petraccinik oso teknika zehatza lortu zuen, eta, jardunbide medikoa emakumeen esku ez zegoen garai batean, berari Florentziako Batzar medikoak unibertsitatean sartzeko baimena eman zion.

Karrera bukatu ondoren, Petraccini eta bere senarra Ferrarara joan ziren, eta Ferrarako Arcispedale Sant ‘Anna ospitalean ikasten jarraitu ahal izan zuen. Ferrarako unibertsitatean graduatu zen eta, ondoren, han bertan izan zen anatomiako irakasle.

Lehenengo semea jaio ondoren eta bere esperientzian oinarrituta, Petraccinik Haurren gorputz-hezkuntzaren zerbitzurako memoria liburua argitaratu zuen. Eskuliburu labur hori kondesa bati eskaini zion, aristokrata erditzeko zorian zegoelako eta aholkua eskatu ziolako Petracciniren senarrari, gizonak kirurgia eta obstetrizia arloan zituen ezagutzen  berri jende askok baitzuen.

Garai hartan haurren heriotza-tasa kezkagarria zen, horregatik, Petracciniren lana irakurri ondoren kondesak ulertu zuen medikuak proposatzen zuen metodoa jaioberriak hazteko oso erabilgarria izan zitekeela. Hori zela eta, metodoa zabaltzen lagundu zion.

Metodo horrek baztertzen zuen garai hartan haurtxoak bendatzeko ohitura; Petracciniren ustez, lesioak eta deformazioak eragin baitzitzakeen. Defendatu egiten zuen, ordea, haurtxoei gorputz-adarrak mugitzen utzi behar zitzaiela. Haurtxo jaioberrientzat bainu beroak, atseden lasaia eta arropa eroso eta zabala gomendatzen zituen, haien mugimenduak libre uzten zituena.

Horiez gain, amaren esnea ere gomendatzen zuen. Garai hartan, behe-mailako emakumeek baino ez zuten bularra ematen; aristokrata eta burges aberatsek inude bati ordaintzen zioten beren seme-alabei bularra emateko.

Maria Magdalena Petraccinik ikasten jarraitzen zuen, eta, senarrarekin batera, edo bakarrik, gaixoak bisitatzen zituen, batez ere haurrak. Etxean bertan ere jasotzen zituen pazienteak, eta amei, emakume xume zein aristokratei, gomendioak ematen zizkien.

Lan horri esker, Bagnacavalloko Adinekoen Kontseiluak haren jardunaren balio profesionala aitortu nahi izan zuen ofizialki, eta dirulaguntza bat eman zion, inguruko emakume behartsuak doan tratatzeko.

Maria Magdalena Petraccini Ferretti 32 urte zituela hil zen 1791ko ekainaren 1ean. Ikasketak, lau seme-alabak, senar ulerkorra, eta XVIII. mendean oso karrera profesional bikaina izatea lortu ostean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!