Etxegabetze bat geldiarazi dute Buztintxurin. Haritu Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du gaurko deitua zutela protesta hain zuzen gaur zuelako Carolina izeneko emakumeak eta haren familiak etxetik ateratzeko data. Testa izeneko higiezinen sektoreko agentziak joan den astean ez zuen etxetik kaleratzeko eskaeraren prozedura eten nahi izan, baina Harituk larrialdi egoera zela ikusita alegazioa jarri du: "Prozedura bera zuzenbidez okerra da ez baitu berme formalik betetzen eta oinarrizko eskubideak urratzen dituelako", adierazi du Harituk ohar batean. Kaleratu nahian zebiltzan familia zaurgarria izanda kasu horietan aplikatu behar zaien luzamendua ezarri behar dela iritzita jarri dute alegazioa, eta oraingoz behintzat onartuta geratu da. "Momentuz etxegabetzea geldiarazita dago", jakinarazi du Harituk.
2023an ere geldiarazi zuten kasu hau bera. "Kaleko mobilizazioei eta presioei esker izan zen ekainean lortutakoa", jaso dute Harituko kideek idazkian. Horrez gain, erakundeekin izaten ari diren komunikazio bideak ere baliagarriak izan dira hustea galarazteko, euren ustez. Dena dela, badakite egoera ez dela batere egonkorra eta adi segituko dute Carolina eta haren familiaren egoera.