45 urte joan dira 78ko Sanferminetan German Rodriguez poliziaren tiro batek hil zuenetik eta justiziak ez du kasua ikertu nahi oraindik ere. Danbateko berri bat jaso dute epaitegietatik 78ko Sanferminak gogoan plataformak, German Rodrigezen ahaideak taldeak, gertakari haietan larriki zauritutako pertsonen kolektiboak eta Iruñeko Peñen Federazioak. Gaur jakinarazi dute plataforma horiek 78ko Sanferminetan gertatutakoa ikertzeko eskaera artxibatu egin duela Iruñeko Instrukzio epaitegiak eta baita Nafarroako Auzitegi Nagusiak ere. Lourdes Etxeberria abokatuak azaldu du 2019an jarritako kereila instrukzio auzitegiak bideratu ere egin ez duela. Besterik gabe, zuzenean artxibategira bidali duela: "Froba berriekin kasuaren irekiera eskatu genuen duela bost urte, baina beste behin ere erakutsi dute badaudela motiboak gertatutakoa ikertu nahi ez izateko".
"Larria da egoera. Justiziara sarbidea galarazten ari dira", uste du abokatuak. Epaiaren aurrean dena dela ez dira eskuak gurutzaturik geratuko: Auzitegi Konstituzionalera joko dute errekurtsoa jarriz eta beste kereila bat ezarriz. "Ezagutu nahi dugu zein erantzukizun dituzten tiroa jaurti zuen poliziak eta Martin Villa urte hartan barne ministro zenak, adibidez", esan du Mikel Legorburu 78ko sanferminetan zauritutako bizilagunak.