Nafarroako sexu-indarkeriaren biktimen zentroari Nagore Laffage deitzeko eskatu du Lunes Lilasek

Bidane Beloki Ezker 2024ko urt. 23a, 08:13

Arrosadian zabalduko dute arreta zentroa datozen asteotan eta aurrekontuen partida berezia jasoko du. Elkarte feministak era berean, gardentasuna eskatu du 2018tik Nafarroan Berdintasunera bideratu den diruaren banaketa ezagutzeko.

Proposamen bat ez ezik, eskaera bat ere egin du Lunes Lilas elkarte feministak. Batetik, Nafarroako sexu-indarkeriaren biktimen 24 orduko arreta integralerako zentroari, datozen asteetan Arrosadian zabalduko dutena, Nagore Laffage deitzeko eskatu dute. Bestetik, gardentasuna eskatu dute 2018tik 2023ra Estatu Itunak Nafarroan Berdintasunera bideratu diren 9 milioi euroen banaketa ezagutzeko.

Lunes Lilaseko kideak Felix Taberna presidenteordearekin eta Patricia Abad Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariarekin bildu ziren urtarrilaren 18an. 2024ko aurrekontuetan partida espezifikoa jasoko du sexu-indarkeriarako 24 orduko arreta integralerako zentroak eta lehenbailehen irekitzeko beharra aldarrikatu dute. Bestalde, azken urteotan Berdintasunera bideratutako dirulaguntzen banaketaren berri izatea eskatu dute. Halaber, elkarte feministen benetako eskariei erantzun ahal izateko aurrekontuaren  igoera eskatu dute, iaz ez baitzen nahikoa izan.

Zentro integralera bideratutako partidaz gain, 900.000 euro urtean, emakumeen elkarteentzako eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuentzako dirulaguntzak jasoko dituzte; 230.000 euro urtean. Azken partida hau, 2023an bezalaxe, handitzeko eskatu du Lunes Lilasek, iaz ez baitzen elkarteen eskaerari erantzuteko iritsi. %16ko murrizketa ekarri zien horrek, eta beraz, %16ko igoera hori eskatu dute aurten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!