Elkartasun jaialdia antolatu du Motxila 21 musika taldeak. Atarrabiako Totem aretoa bete nahi du eta kontzertu horretatik aterako duten dirua Palestinara eta Txernobilera bideratuko dute. Salgai jarri dituzte dagoeneko sarrerak: 10 euroan eskura daitezke Totem aretoko webgunearen bidez, Infierniton edo Nafarroako Down Sindromearen egoitzan. Lehiatilan ere izanen dira 12 euroan.
Kutxi Romerok haren semearekin eginen du lehen kanta akustikoan. Hortik aurrera Motxila 21 taldearekin batera kantuan ariko dira Demode Quartet taldeko Joli Paskualena eta Iker Huizi; Zetak taldeko Pello Reparaz; Zopilotes Txirriaos taldeko Konejo Eseberri; Komako Brigi Duke; Afu-ko Oihana Fernandez; El Drogas, Mariano Goñi, Mikel Barrenetxea eta Olaia Lamata.
Otsailaren 17an izanen da elkartasun kontzertua. 19:00etan ateak zabalduko dituzte eta 20:00etan hasiko dira kontzertuak. Streaming bidez ere emanen dute jendeak etxetik jarraitu ahal izateko.