Hotz handiena egiten duen egunetarako Etxerik Gabekoei Arreta Emateko Zentroan langile gehiago ariko dira eta baliabideak handitu eginen dituzte. Hala jakinarazi du gaur Iruñeko Udalak. Horrez gain, Gonzalez Tablas kalean ireki berri den aterpetxeak koordinazio lana izanen du DYAko boluntarioekin ere. Aterpetxea ez dute zertan goizeko lehen orduan utzi bertako erabiltzaileek, eguerdira arte zabalik izanen baita egunotan.
Plazarik gabe ez da inor kalean lo egiten geratuko. Hala nabarmendu dute ohar batean Iruñeko Udaletik. Izan ere, aterpe baten beharra duela dioen guztiari eskainiko zaio aterpetxean lo egiteko aukera edo pentsio batean geratzeko aukera. Horrez gainera gizarte langileak ere jarri dira kalean bizi diren horiei segimendua egiten gizarteratzea eta enplegu bat bilatze aldera.
Abenduaren 28tik 135 laguni eman diete aterpe Etxerik Gabekoei Arrerta Emateko Zentroaren bidez eta horrela ez da inor kalean geratu: ez behintzat zerbitzu horretan eskaera egin duena. Hiru baliabide ari dira egunotan erabiltzen etxerik gabekoei eskaintzeko: Trinitarioetako aterpea (58 lagunentzako tokia du), Gonzalez Tablas kaleko aterpetxea (56 pertsonarentzako tokia du) eta hirian dauden hostal edo pentsioetan.