Manifestazioa egin zuten atzo Sanduzelai auzoan bertan bizi den Gabriela Reyesen desagerpena salatzeko. Duela 30 egun ez dakite ezer eta informazioa galdegiten ari dira. Manifestazioa O parketik atera zen eta Juaristi doktorea eta Labayen doktorea kaleetatik zein Nafarroa eta Sanduzelai etorbideetatik igaro zen, abiapuntura itzultzeko. 'Todos somos Gabriela' zioen pankarta bat eraman dute buruan, Dominikar Errepublikako bi banderarekin batera.
Gabriela Reyesen argazkia eta 'Ez dut kalean ausarta izan nahi, aske izan nahi dut' esaldia zeramaten kartelak ere eraman dituzte manifestariek, eta, besteak beste, 'Gabriela non dagoen jakin nahi dugu' eta 'Badaramatza 30 egun eta ez dakigu ezer' oihukatu zuten. "Gaur hilabete bete da Gabriela lagun batzuekin trago batzuk hartzera atera zela, eta egun horretatik ez dakigu ezer", adierazi zuen Yovanny de Leon 'Búsqueda de Gaby' taldeko bozeramaileak hedabideei. 130 kide baino gehiago ditu talde horrek. "Polizia lehen unetik ari da ikerketa egiten, baina dagokion epaitegiak sumarioa sekretupean jarri du, eta ezer jakin ezinik daudela nabarmendu du."Itxaropenari eutsi behar zaio, hori da galtzen azkena"; horregatik segiko dute Gabriela gogoan izaten, familiak babesa senti dezan.