UPNko Xuriñe Peñas da Eguesibarko alkatea. Udalak izan zuen azkeneko osoko bilkuran esan zuen eguberrietarako prestatutako egitarauan euskarazko eskaintzak gaztelaniaz bakarrik hitz egiten dutenengan diskriminazioa eragiten duela. Bideoa gaztelania hutsezkoa da, baina adierazgarria da Peñasen erantzuna.
Egunotarako Kultur Eskaintza zabala da leku askotan, baita Eguesibarren ere. EH Bilduk mozioa eraman zuen osoko bilkura horretara, iritzita, ez zegoela batere orekatua eguberrietako programazioko ekitaldietan euskararen eta gaztelaniazkoaren presentzia. Eta ez hori bakarrik. Euskarazko ekitaldiak garestiagoak baitira gaztelaniazkoak baino. Eta legea betetzeko baino ez du eskatu EH Bilduko zinegotzi Asier Mesanzak. Eguesibarko ordenantza betetzea eskatu diote alkateari, Xuriñe Peñasi. Euskararen erabilera eta sustapena egitearena, alegia. Eskaerari erantzutea, bereziki haur eta gazteenari. Bestetik, prezio publikoak berdintzeko ere eskatu diote, ez dadila izan garestiago euskarazko ekitaldia. EH Bilduk eramandako mozioaren lehen puntua aurrera atera zen 11 botorekin. Udalari ordenantza betetzeko eskaera babestu zuten modu horretan.
Eguesibar da herritar kopuru aldetik hirugarren handiena Nafarroan 21.800 biztanlerekin. UPNk sei ordezkari ditu egun Eguesibarko Udalean. Atzetik, EH Bildu dago: lau ditu. PSNk hiru ditu; Geroa Baik, bi; Zurekin Nafarroak, bat. PPk ere, bat. Gainerako lau zinegotziak dira bi talde independentetakoak. Iazko maiatzaren 28an PPren aldeko botoarekin lortu zuen alkatetza UPNk. Hautagai gehiago ere izan ziren, baina, gehiengo osorik inork lortu ez, eta gehien bozkatutako zerrenda izan zelako gailendu zen UPN.