Iruñerriko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorrak onartu du 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte garraioan %20ko deskontua egitea luzatzea, hartara, Espainiako Gobernuak hitzartu eta jakinarazitako % 30a osatuko da; %50eko hobaria aplikatuko da txanpon-txartelekin eta 30 eguneko abonuekin ordaindutako bidaia guztietan.
Garraio publikoaren erabilera sustatzeko asmoz ezarritako neurria da. Izan ere, Eskualdeko Hiri Garraioak 2019an bere marka historikoa lortu zuen 40 milioi bidaia izatean, eta egun kopuru hori gainditu da 2023an, 800.000 bidaia gehiago egin baitira.
%50eko deskontua urtebete mantenduko den arren, otsailaren 1etik aurrera tarifa berriak ezarriko dira hiri garrioan eta %5eko igoera izanen dute. Txartelarekin ordainduta ohiko billeteak 81 zentimo balioko du, gaueko tarifa 1,18 eurokoa izanen da, eta 30 egunerako bonoa 34,45ean eskuragarri izanen da. Hori dela eta, beherapena aplikatuta hurrengoa izanen da bidaia bakoitzaren prezioa: 40 zentimo ohiko billetea, gaueko tarifa 59 zentimo, eta 30 eguneko tarifa 17,22 euro.