'Yala Nafarroa Palestinarekin' plataforma sortu da eta manifestaziorako deia egin du abenduaren 30erako

Maialen Huarte Arano 2023ko abe. 21a, 13:40
Yala Nafarroa Palestinarekin plataforma aurkeztu eta manifestaziorako deia egin dute.

Palestinaren alde egiteko plataforma berria aurkeztu dute gaur Iruñean: 'Yala Nafarroa Palestinarekin'. Ahalik eta babesik gehien eskuratzea du helburu eta hartara sorreratik bat egin dute harekin zenbait entitate sozial, sindikal, politiko eta gobernuz kanpoko erakundek. "Indarrak batu eta Gazan gertatzen ari den sarraskia geldiarazteko eskatzen ari gara", azaldu dute plataformako kideek. Manifestaziorako deia egin dute heldu den abenduaren 30erako: 'Geldi dezagun Palestinan egiten ari diren genozidioa', goiburua izanen du. 

Yala Nafarroa Palestinarekin plataforma aurkeztu du Iruñean Ola Arafat Arafat-ek. Gazan jaiotako emakume nafarra da bera. Ikertzaile farmazeutikoa. Familia du Gazan eta hil egin dituzte senide asko. Kezkaz eta arduratuta begiratzen ditu handik datozen albisteak. Nahikoa dela esateko eta su-eten iraunkorra eskatzeko plataforma sortu du gurean. Yala Nafarroa Palestinarekin izenarekin, gobernuz kanpoko erakundeek, sindikatu hainbatek: UGT, CCOO, LAB, ESK, STEILAS, CGT, Solidari eta Etxalde; eta hiru alderdik ere bate egin dute: EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroak. Plataformak 8 abiapuntu ditu, Palestinari laguntzeko adostasunerako eta oinarrirako baliagarriak izan daitezkeenak. 

"Yala Nafarroa Palestinarekin ez da beste ekimenak ordezkatzeko jaio, indarrak batu eta asmo handiagoko helburuak lortzeko jaio da", adierazi dute plataformaren aurkezpen agerraldian. Hasteko, abenduaren 30erako manifestaziorako deia egin dute: 12:0etan aterako da Golem zinematokietatik: 'Yala Nafarroa Palestinarekin, geldi dezagun sarraski hau', lema izanen du protestak. Manifestazioarekin bat egin du baita ELA sindikatuak ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!