"Zerga erreforma motz gelditzen da eta bidegabea da"

Maialen Huarte Arano 2023ko abe. 21a, 10:33

ELA sindikatuari "tamalgarria" iruditzen zaio gaur Nafarroako Parlamentuan onartuko den erreforma fiskala: "Bidegabea da eta ez nahikoa", esan du Imanol Pascual sindikatu horretako Nafaroako arduradunak. Ez du zalantzan jartzen enpresa handiek eta aberastasun handia dutenek "pribilegioak" izatea. Erkidegoak duen presio fiskal txikiarekin kritiko azaldu da ELA eta zerga erreformaren inguruan eztabaida sortu ez izanarekin ere kexu. 

ELAk tamalgarritzat jotzen du hitzartutako zerga erreformak enpresen eta kapitalaren inolako pribilegiorik zalantzan ez jartzea eta  Miguel Sanzek eta Yolanda Barcinak zuten zerga politika bera mantentzea. "Erreforma fiskalak neurri guztiz eskasak onartzea dakar, Nafarroan dagoen egungo eredu fiskal bidegabea zuzentzeko balio ez dutenak", esan du Imanol Pascual ELA sindikatuko Nafarroako arduradunak. Nafarroako presio fiskala Europako batez bestekoaren 1.900 milioi euro azpitik dagoela gogorarazi du eta gaineratu du laneko errenten gain dagoela zergaren zamarik handiena Nafarroan enpresek Estatu osoko Sozietateen gaineko Zerga baxuena ordaintzen duten bitartean.

ELAren iritziz, erreforma fiskal eskasaren onuradun handiena enpresak eta errenta altuak eta kapitalekoak dira, pribilegio guztiak bere horretan mantenduko baitituzte. ELArentzat larria da talde parlamentario ezkertiar edo aurrerakoi batek ere ez planteatzea beste politika fiskal bati buruzko eztabaida, eta langileriarentzako alternatiba bidezkoagoak proposatzea gizarte eredua definitzeko funtsezkoa den gai honetan. Ez bada enpresen eta errenta handien interesak babesteko diseinatutako politika fiskala zalantzan jartzen eta ez bada alternatibarik planteatzen, balizko politika alternatiboei buruzko edozein erreferentzia galtzen da.

Entzun Euskalerria Irratian Imanol Pascuali egindako elkarrizketa argazkian klik eginda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!