Iruñeko Udalak abenduaren 11tik 17ra martxan jarri nahi duen galdetegia zalantzazkoa dela jakinarazi dute gaur Gurutze plazako parkinaren eta plaza hori berrantolatzeko proposamenaren kontra dauden bizilagunek. Izan ere, bi gai daude horren baitan: 346 plaza izanen lituzkeen parkingaren plana batetik, eta bestetik, Gurutze plaza bera eraberritzeko egitasmoa. Parkingaren eskuduntza bai, Udalarena da, baina zalantzak dituzte plazaren berrantolaketa udalbatzarena ez ote den. Eta udalbatza osatzen duten alderdien gehienak aurkeztutako proiektu horren kontra daude. Eskumen inbasioa egon daitekeela uste dutelako errekurtsoa jarri dute Udalean.
Galdeketa eginen du auzoan baina zehaztasun gabe: galdetegia hutsa da, ez dute azaltzen nork erantzun dezakeen eta noren ahotsa hartuko duten hartara aintzat. Galdeketaren aurretik egokia litzateke Panking Ez plataformaren ustez aztertzea zein den benetako egoera. Izan ere, Gurutze plazatik hamar minutura kotxeak aparkatzeko zenbait parking daude, guztira 700 lekurekin. "Bidegabekeria da galdetegia bera: diseinu aldetik inprobisatua, orekarik gabea eta baztertzailea", esan dute.
"Gurutze plaza jende askoren geraleku da. Eta askok ez dute parte hartuko galdetegian: Institutuko ikasle eta irakasleak, adinduentzako zentroetako erabiltzaileak eta beste", azaldu dute. "Ez dago zehaztua zein errolda hartuko duten kontuan", diote.
Agerraldia egin dute gaur salaketak egiteko, eta, Institutuak bere babesa adierazteko pankarta bat zintzilikatu du: Orain kendu nahi dituzten arbolak bihar arnastu ahal izateko beharko ditugu dio.