Igandean, azaroak 19, Berriozarko kiroldegian ospatuko da Euskal Sokatira 4x4 txapelketaren lehen edizioa. Bertan 160 kirolari eta 40 talde baino gehiagok parte hartuko dute lehiaketa formatu berritzaile batean, hasierako multzoen fasea eta finalera arte kanporatzeko playoff fasea izango dituena.
Berriozar Kirol Elkartea (BKE Klubak) Berriozarko Udalaren laguntzarekin antolatu du txapelketa sokatira erakargarri eta modu zirraragarriagoan aurkezteko. Izan ere, lau lauren aurka playoff formatuan, orain arte, Munduko Txapelketetarako soilik gordetako formatua izan baita.
Euskal Herriko 11 Kirol Elkartek eman dute izena 4 pertsonako 40 taldetan. Gizonezkoen, emakumezkoen, mistoko eta 23 urtez azpiko kategorietan lehiatuko dira. Hauek dira parte hartuko duten taldeak: Zudaire, Lapurditik; Murueta eta Abadiño, Bizkaitik; Ibarra Gipuzkoatik, Badaiotz, Arabatik; eta Beti-Gazte (Lesaka), Amaiur, Araxes (Araitz-Betelu), Txantrea, Antsoain eta Berriozar nafarrak.
Lau kategoria eta bi fase
Goizeko 10:30etan gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak jokatuko dira, lehenengoak 300 kiloko pisua izango du eta bigarrenak 245 kilokoa. Arratsaldean 23 urte azpikoak eta kategoria mistokoak jokatuko dira, 280 kiloko pisu-mugarekin.
Izena eman duten talde guztiak hasierako fase batean lehiatuko dira. Fase horretan, multzoko aurkari guztien aurka neurtuko dituzte indarrak, eta, ondoren, playoff fase batera sailkatuko dira, final-laurdenetatik final handira arte, hiru tiraldiko kanporaketetan.
Gainera, klubek eta ikusleek bazkari herrikoia eta Abian taldearen kontzertua izango dituzte. Bazkarirako txartelak 13 euroko prezioan eros daitezke herrikirolak@bke.eus helbidearen bidez. Labarga eta Zulo Alai Elkarteek ere parte hartu dute ekitaldian, bazkariaz haiek arduratuko dira, eta bermut orduan bi elkarteen arteko sokatira lehia herrikoian neurtuko dituzte indarrak.