Neurri ekonomikoez gain enkanteetarako irizpideak finkatu ditzatela eskatu dute Siemens Gamesako langileek parlamentuan

Maialen 2023ko aza. 7a, 09:44

Nafarroako Parlamentuko lan batzordean izan dira Siemens Gamesako lan batzordeko ordezkariak. Enpresak azaroaren amaieran argitara emanen duen plan estrategikoarekin “kezkatuta” daude “kaleratzeak” ez ote diren izanen. Alderdi politikoei “neurriak” hartzeko eskatuko dizkiete "babes ekonomikotik harago": “Enplegua bermatzeko pausoak emateko” eskatu dute.

Nafarroako Siemens Gamesa enpresako langileak izan dira gaur parlamentuko lan batzordean. Euren kezkak eta eskaerak eramanen dizkiete politikariei. Izan ere, duela zenbait aste ari dira salatzen euren lanpostuak kinka larrian egon daitezkeela. 1.800 langile dira guztira Nafarroan. “Azken hilabeteetan langileen artean bajak handitu egin dira estresa eta antsietateagatik”, ohartarazi du Jose Angel Hernandez enpresa batzordeko eledunak. 

Aerosorgailuak ekoizten ditu Siemens Gamesak. 4.000 milioi euroko galerak dituela jakinarazi du duela zenbait aste. Etorkizuna kolokan egon daitekeela uste dute langileek eta horregatik neurriak hartu ditzatela eskatzen ari dira. Simenes Gamesako enpresa batzordeko ELA sindikatuko ordezkaria da Josune Perez: “Nafarroako lanpostuak ziurtatzeko neurriak har ditzatela eskatuko diegu politikariei”. Eolikoen sektorea kontrolatzeko eskatzen ari dira langileak. Kexu dira eta kezkatuta aldi berean, batetik, ezjakintasun handiarekin begiratzen diotelako etorkizunari enpresa zuzendaritzak ez dizkielako gauzak argi uzten eta bestetik, beldur dira enpresak iragarri duelako hilabete honen amaieran aurkeztuko duela etorkizunerako plan estrategikoa.

Txinako aerosorgailu enpresen leiarekin, kexu

Kezka dute lehia “desleialarekin”. Txinako enpresek babes ekonomiko handia izaten dute euren gobernuengandik eta horrek eragiten du eurekin lehiarik ezin egitea: “Arazo handia da Txinatik dugun lehia. Baina ez da bakarra. Enkanteak prezioan zentratuta daude bakarrik eta ez dira beste irizpideak kontuan hartzen”. Bertan ekoizteak garrantzia handiagoa izan beharko lukeela uste dute langileek.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!