Siemens Gamesak 1.800 langile ditu Nafarroan. Euren lanpostuak "kinka larrian" ikusten dituzte eta azken asteetan horren berri ematen ari dira. Protestetan eta agerraldietan ikusi ditugu "kezkatuta". Bihar Nafarroako Parlamentuko batzordean ariko dira hizketan. Euren egoeraren berri emanen diete alderdiei eta euren eskaerak eramanen dituzte. "Enpresak ez digu esaten nondik nora joko duen azaro buakaeran aurkeztu duen planean eta lanpostuak kolokan egon daitekezkeela uste dugu", esan dute Siemens Gamesako langileek. Lurreko aerosorgailuak sortzen dituzte batez ere Nafarroan eta enpresak atal horri uko egiteko aukera badela uste dute. Horrez gain, kezka are gehiago handitzen zaie Txinarekin ezin lehiatuz dabiltzalako: "Kontrol handiagoa behar da Txinarekin gerta ez dadin mikrotxipekin, bateriekin edota bestelalo industriekin gertatutako", esan dute.