Entzutekoak

Katalina Eleizegi, emakumeez mintzo zen XX mende hasierako euskal idazlea

Reyes Ilintxeta 2023ko urr. 31a, 19:34

Katalina Eleizegi1889an sortu zen Donostian. Maistra izateko ikasketak egin zituen. baina lan egiteko beharrik ez zuen izan familiarengandik errenta bat jasotzen zuelako. 1936an Lizarrara bizitzera etorri eta han gelditu zen 1963an hil zen arte. Berak idatzitako antzezlanetako  protagonistak emakumeak izan ziren, gehienbat.  

Katalina Eleizegi Maiz

Gaur dakargun gizalabaren heriotzaren 60. urteurrena azaroaren 19an izango dela eta, Lizarran omenaldi bat egin zioten pasa den ostiralean. Ines Bengoa ipuin kontalariaren eskutik,  Iosu Lizarraga soinujoleak lagunduta, “Etorkizuneko ahots bat iraganean” antzezlana aurkeztu zen.

Baina nor izan zen Katalina? Lizarrakoa al zen?

Laburbilduz esango dugu euskaraz idatzi zuten eta liburuak izan zituzten lehen irakasleen belaunaldikoa izan zela Katalina. Eta 30 urte luzez bizi izan zela Lizarran, non bere zenbait lan idatzi zituen eta irakasle lanetan aritu zen. Bere antzezlanen artean, “Garbiñe”, “Loreti” eta “Yutsa” nabarmentzen dira. Lizarrako Etxeko Zerbitzu komentuan estreinatu zirenak.

Itxura ona du, ezta? Bada, goazen mamira.

Katalina Eleizegi Maiz donostiarra zen, 1889ko apirilaren 6an jaioa. Hiru anai-arrebetan nagusia zen, eta, txikitan, bospasei zituela, katarro izugarri bat harrapatu zuen, gaizki sendatu, eta geroztik bronkitis kronikoak jota ibili zen beti.

Gaztetan, Burgosera joan zen bertako Irakasle Eskolan ikastera, XX. mendearen hasieran maistra izateko ikasketak jasotzera joaten ziren beste emakume asko bezala. Garai hartan ez zen oso ohikoa emakumezkoek ikastea, baina maistra izatea eremu publikoko jarduera femeninotzat hartzen zen, eta prestigio handia zuen; beraz, ondo ikusita zegoen.

Gure Katalina euskal maistren lehen belaunaldikoa izan zen, baina ia ez zuen eskolarik eman. Familiak ematen zion errenta batetik bizi izan zen.

Ez zen ezkondu, bere garaian emakumeen helburua hori bazen ere. Eta ez zuen seme-alabarik izan, orduko emakume errespetatuek egin behar zuten ez bezala. Gainera, maistra izateko ikasi zuen arren, antzezlanak idazten zituen, ezohiko jarduera garai hartako emakume batentzat. Kontuan hartu behar dugu orduko dramaturgo ezagunenak Lauaxeta, Lizardi eta Azkue zirela,  besteak beste . Guztiak, gizonak, jakina.

36ko gerra hasi zenean, Donostia utzi zuen, eta Lizarrara joan zen. Han 30 urte inguru pasatuko zituen.

Lizarran idazten jarraitu zuen. Bere lanik arrakastatsuena Garbiñe izan zen. Antzezlan hori hamar urtean hamar aldiz antzeztu zuten, garai hartan oso famatua zen Toribio Altzagaren Ramuntxo baino bi aldiz gehiago. Lanak arrakasta handia izan zuen, bai kritikari eta antzerki mundukoen artean, baita ikus-entzuleen artean ere.

Bere garaiko egile gehienek egunerokoari eta hurbileko inguruari buruz idazten zuten bitartean, Eleizegik beste garai eta lurralde batzuk aipatzen zituen beti: Erdi Aroa edo Brujas hiria, besteak beste, eta Euskal Herriko historia eta tradizioak kontatzen zituen, bereziki, emakumeei zegozkienak. Izan ere, emakumeak ziren bere antzezlanetako protagonistak.

Gero eta gutxiago irteten zenez, bisita asko jasotzen zituen. Berriketaldi luzeak egiten zituen, oso solaskide on eta atsegina omen zen eta. Beti zeukan kontatzeko zerbait, oso jakintsua zen, eta oso heziketa onekoa.

Heriotzak ezustean harrapatu zuen hirurogeita hamalau urte zituela. Ahoan infekzio bat izan zuen, eta medikuak injekzio bat ipini zion.  Injekzio hark erreakzio alergikoa eragin zion, eta horrela  hil zitzaigun, Lizarran, 1963ko azaroaren 19an.

Euskal literaturaren historian askotan aipatzen dute Eleizegi, baina gutxitan aurkitzen dugu bere obrak garaian izan zuen garrantziari buruzko hausnarketarik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!