Udazkeneko proposamen kulturalaren barruan kokatua euskarazko hiru poesia errezitaldi eskainiko dituzte Kondestable aretoan Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak prestatutako egitarauaren barruan. Zuzeneko musika eta irudiak ere eskainiko dituzte urrian, azaroan eta abenduan eginen dituzten saioetan. Hiru errezitaldiak doakoak izanen dira baina aldez aurretik sarrera hartzea beharrezkoa da aretoa bete egiten delako. Ostegunean izanen da lehena Arkanbele Kantak: hitza, musika eta irudia izenekoa. Mikel Tabernaren liburutik eratorrita zenbait poema irakurriko ditu Joseba Irazokiren gitarraren doinuek lagunduta. Irudiak ere izanen dituzte Oier Fuentes Katubik emanak.
Azaroan eta abenduan, gehiago
Azaroaren 14an izanen da bigarren saioa. Castillo Suarezek ahotsa eta testua jarriko ditu eta Juantxo Zeberio zuzeneko musikan ariko da pianoarekin. Alaska izeneko errezitaldia eskainiko dute biek. Abenduan iritsiko da hirugarrena: Etxe bat. Yolanda Arrietaren testu eta ahotsarekin izanen da Peru Galbete musikaria zenbait instrumenturekin.