Mercadonari 7.500 euroko isuna ezarri dio Nafarroako Gobernuak langileen "duintasuna" urratzeagatik

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 25a, 11:13

Burlatako Mercadona saltokiaren aurrean egin dute elkarretaratzea.

"Langileen duintasuna aintzat hartzen ez delako" 7.500 euroko isuna jarri dio Nafarroako Gobernuak Burlatako Mercadona saltokiari. Ordutegi aldaketak, ez dagozkien zereginak agintzea, komunikatzeko debekua, deskalifikazioak eta mehatxuak jaso dituzte bi langilek ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Ebazpen horren aurka errekurtsoa jar dezake enpresak. 

"Langileen duintasuna urratzeagatik" iritsi zaio Burlatako Mercadona saltokiari zigorra. Bi langilek jarritako salaketaren ondoren Nafarroako Gobernuak 7.500 euroko isuna ezarri dio denda horri "beharginak iraindu eta larderiaz aritzeagatik". Lan Osasuneko ELA sindikatuko ordezkariak, Andoni Larraldek esan du ordutegi aldaketak, ez dagozkien zereginak agintzea, komunikatzeko debekua, deskalifikazioak eta mehatxuak jaso dituztela. 

"Langileen duintasuna behar bezala aintzat hartzen ez delako" iritsi da isuna Larralderen ustez. "Ebazpena Lan Ikuskaritzaren ikerketa baten bidez iritsi da.  Saltoki horretako 18 langilerekin hitz egin dute eta arduradunek eurekiko izandako jokabide eta presioak agerian geratu dira", azaldu du. Erasoak behin eta berriz izan direla egiaztatu du ikuskariak.

Salaketak ezinbestekoak dira zigorrak ezartzeko

ELA sindikatuak jakinarazi du ez direla kasu isolatuak eta langileei dei egin die halakoen aurrean salaketa jartzera: "Mercadonako kasua ez litzateke argitara aterako salaketarik izan ez balitz". Laneko jazarpena eta arrisku psikosozialen arloko esku hartze publikoa handitzea eskatu du ELA sindikatuak: "Egiturazko arazoak dira eta lotura dute enpresaburuek duten zigorgabetasunarekin. Horregatik beharrezkoa da laneko jazarpenaren eta arrisku psikosozialen arloko esku hartze publikoa handitzea". Lan Ikuskaritzako plantilak handitzea, zehazki hirukoiztea eta Europako bataz besteko ratioekin berdintzea ezinbestekotzat jo du sindikatuak. 

Ebazpen honen aurka errekurtsoa jar dezake enpresak bide judizialean. 80 langile aritzen dira Burlatako Mercadona saltokian. Gaur kalera atera dira egoera salatzera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!