Maria Lakuntza Ezkurra
Iruñean jaio zen 1900eko irailaren 29an. II. errepublikaren garaian, Victoria Kent, Clara Campoamor edo bera bezala nafarra zen Matilde Huitzirekin batera historiaren garai interesgarri baten protagonista izan zen; baina, hala ere, Maria Lakuntzaren izena ez da aipatutako besteenenak bezain ospetsua.
Zazpi anai-arrebetatik gazteena zen. Bost mutiletako batek ez zuen ikasi. Mariak eta bere ahizpak bai.
Bigarren hezkuntzako ikasketak Iruñeko Institutuan egin zituen, eta han emakume bakarra izan zen bere ikasgelan. Espediente bikaina lortu zuen, eta Zuzenbideko unibertsitate-ikasketak hastea erabaki zuen.
Irakaskuntza ez-ofizialeko modalitatean matrikulatu zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta unibertsitatean hasi baino lehen beharrezkoak ziren ikastaroak egin zituen bertan.
Ondoren, Zaragozako Unibertsitatera joan zen Zuzenbideko ikasketak egitera, eta han ere fakultateko neska bakarra izan zen.
Urteak pasata, karrera amaitzera Madrilgo Unibertsitate Zentralera itzuli zen, eta han berriz ere neska bakarra izan zen karrerako maila guztietan.
1926an amaitu zituen ikasketak. Urte bat geroago Iruñeko Abokatuen Elkargoan eta Donostiako Abokatuen Elkargoan bazkidetu zen. Eta bietan emakumezko lehenengo kidea izan zen.
Bere abokatu-bulegoa izan zuen Iruñean eta Donostian 1927 eta 1931 bitartean. Urte horietan, hainbat auzi eraman zituen defentsa abokatu gisa bi auzitegietan.
1932an funtzionario gisa sartu zen geroago Nekazaritza Erreformarako Institutu bihurtuko zenaren zuzendaritzan.
Baina gerra zibila heldu zen, eta harekin batera gure Mariaren amaiera. Nahiz eta inolako alderditan ez aritu, ezta joera politiko berezirik erakutsi ere, erregimen berriak ez zuen ondo ikusi aurreko garaietan funtzionario gisa aritu izana, eta baztertu egin zuten. Zuzenbideko lizentziatua, abokatu elkargoetako lehendabiziko emakumea eta abokatua izateagatik eta estatuaren zerbitzura funtzionario gisa aritzeagatik zigortu zuten.
Sevillara bidali zuten, eta, nahitaezko lekualdaketa haren ondorioz, bere plazari uko egin zion. Valentziara joan zen bizitzera senarrarekin eta semearekin, eta han egon zen 1984an hil zen arte, inolako jarduera profesionalik berriro gauzatu gabe.
Izan ere, 2019an, Luis Garbayo kazetariak "Un momento en la luz" liburua idatzi zuen, eta bertan emakume horren biografia kontatzen zuen. Informazio-iturri bezala Mariaren semearengana jo zuen, baina hari esker ez zuen gauza handirik lortu, ez baitzekien amaren bizitza nolakoa izan zen. Mariak inoiz ez zion kontatu gaztaroan eta Valentziara joan aurretik zein izan zen haren bizimodua.
Etxean, ordea, gauza bat zeukan gordeta, amaren antzinako toga. Nahiz eta lanbidean ez jardun, Mariak beti eduki nahi izan zuen esfortzu handiarekin lortu zuen arropa berezi hura.