Produktibitatea hobetzearen eta kostuekin lehiatzearen alde egin du Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak. Kezka agertu du era berean Txinarekin izan dezakeen norgehiagokarekin ere:
Asiar merkatuari aurre egiteko ahalik eta gehien murriztu beharko dira kosteak Landabengo fabrikak aurrera egin dezan. Hala adierazi zien zuzendaritza enpresa komiteko ordezkariei.
Atzo izan zuten hamargarrena izanen den Lan Ituna negoziatzeko bigarren bilera, eta hausnarketa horixe jarri zien mahai gainean enpresa komitekoei. Urrian beste sei hitzordu izanen dituzte: 5, 6, 10, 13, 17 eta 19an. Etzi esaterako, produkzioan izanen den etenaldiarengatik ordutegi aldaketa nola eginen duten adosteko batzartuko dira. Volkswageneko zuzendaritzak iragarritako 400 kaleratzeen inguruan ere ariko dira. Sindikatuak horren aurrean tinko azaldu dira beste behin ere, esanez, ekidin daitezkeela kaleratze horiek.
Hala ere, zuzendaritzak irteera plana jarri du mahai gainean. ERTEa planteatu du, Lan Erregulazio Espedientea Kontratuen Etenaldia Epe Baterako, eta, ERTE RED izenekoa ere bai: azken hau epe jakin baterako erregulazioa litzateke, baina Espainiako Ministro Kontseiluak onartu beharko luke. Irteerak adosteko prestutasuna agertu zuen zuzendaritzak atzoko bileran.
Urriaren 6an eta 10ean ordutegien antolamenduarekin segiko dute eta industria planarekin.