Hamabigarrenez lasterketa antolatu du urriaren 29rako Sarayk, Bularreko Minbiziaren Nafarroako Elkarteak, Iruñean. "Erronka berri bat jarri diegu geure buruei: 12.000 dortsal saldu nahi ditugu", esan du Saray Elkarteko presidenteak, Mari Jose Oraak. "Iruñea arrosaz jantzi nahi dugu ikusarazi dadin beste urte batez ere bularreko minbiziari aurre egiteko ari garela eta babes osoa dutela prozesu horretan barneratuak dauden herritarrak", azaldu du.
Nafarroan dauden lasterketa guztien artean arrakasta handiena da parte hartzeari dagokionez. Lehiakortasunetik harago, bular minbiziari aurre egin eta gaixotasuna sufritzen ari direnei babes ematea du helburu. Korrika ez ezik, oinez, familian, gurpildun aukian, bizikletan edo patinetan ere egin daiteke bost kilometroko ibilbidea.
Dortsalak Internet bidez ere eskuragarri
Aurten berrikuntzen artean, dortsala ohi bezala eskura daitekeela Corte Ingles saltokian, edo, Internet bidez ere bai (www.asociacionsaray.com). Zortzi euroan eskuratu daiteke lasterketan parte hartzeko txartela eta horrekin kamisetarekin opari jasotzen ahal da. Urriaren 2an hasiko dira salmentak. Ekimenaren egunean, urriaren 29an, bertaratu ezinen denak ere 0 zenbakidun dortsalarekin egin dezake diru aportazioa edota, boletoak euro batean erosiz. Gero, 100 opari baino gehiago zozketatuko dituzte.
Ikerketa bultzatzeko diru-laguntza
Kolektibo eta saltoki askoren babesa eskertu dute Saray elkarteko kideek euren bidez lortzen baitute lasterketa eguna prestatzea. Urriaren 29an, Gazteluko plazan da hitzordua, goizeko hamaiketatik aurrera. Musika, dantzaldia eta haurrentzako puzgarriak ere izanen dira. Ekitaldi horretan ateratzen den dirua ikerketa proiektuetara bideratzen du Sarayk: hamabi urteotan 480.000 euro.