Maiatzaz geroztik Limpiezas J.Cordobako Nafarroako 50 langile inguru soldata kobratu gabe daude. Abuztuan erabakia hartu zuten: dagokiena hilabete bukaeran jaso arte ez dute lanik eginen. Greba mugagabean daude abuztuaren 28tik eta egoera ez bada bideratzen hala segitzeko asmoa dute: "Enpresak dagokiguna ematea eskatzen ari gara. Are gehiago, Correosi eskatzen ari gatzaizkio garbiketa enpresari kontratua eteteko", adierazi du Comisiones Obreras sindikatuko Ana Ramosek. "Ez dugu asmorik lanean hasteko soldatak jasoko ditugula ziurtatu arte", gaineratu du Arantxa Abelino Solidari sindikatuko bozeramaleak.
Enpresak ez du batere asmorik mugimendurik egiteko sindikatuen ustez. "Pazientzia eskatzen ari zaizkigu", salatu dute. Egoera luzatzen ari da baina tinko segituko dutela ere argi dute. Protesta egin dute gaur beste behin, Iruñean Correos-ek Sarasate pasealekuan duen egoitzaren atarian.