David Campion aukeratu dute berriro Iruñerriko Mankomunitateko presidente

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 13a, 08:28

EH Bilduk, Independenteen taldeak, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hondakinen planta berria eta garraio publikoa lehenesten dituen akordioa sinatu dute. 

EH Bilduk, Independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak akordio programatikoa sinatu dute eta Campión independenteak hartuko du Iruñerriko Mankomunitateko presidentetza. Horrela adostu dute erakunde honen gobernagarritasuna hurrengo lau urteetan bermatzeko. Horretarako ere, hiru indar politikoek eta independenteek parte hartuko duten gobernu-talde bat sortuko dute, "akordio programatiko honen ildoen garapenaren ikuspegi eraikitzaile eta aurrerakoia duten talde guztiei irekia".

Akordioak Mankomunitateko Batzar Nagusian dauden 54 udal-ordezkarietatik 31ren babesa lortu du eta gutxienez aldeko 28 behar zituen. EH Bilduk 16 biltzarkide jarri ditu, independenteen taldeak 9, Geroa Baik 4 eta Zurekin Nafarroak 3. UPNk 12 ordezkarirekin, PSNk 8rekin eta PPk 2rekin, berriz, boto zuria eman dute. Sinatzaileek, azken lau urteetan egin duten bezala, ildo beretik lan egiteko elkarlana espero dute. 

Akordio programatikoa

Besteak beste, hondakinen tratamendua, uraren plan estrategikoa, eskualdeko parkeak, mugikortasun iraunkorra eta garraio publikoa, taxi zerbitzua, energia berdearen zerbitzu berria eta gobernantzaren arloko hobekuntzak aurreikusten ditu sinatutako akordioak. 

Helburu zehatzagoei begira, Gongorako egoera konpontzeko proiektuarekin jarraitzea, "Arangurengo Udalarekin egindako akordioak betez"; hondakinen tratamendu egokia egiten duten norbanakoei eta erakundeei konpentsazioak proposatzea; bidegorria eta bizikleta elektrikoen zerbitzua Iruñerri osora hedatzea edota Ezkaba mendiaren kontserbatzio plana aurrera eramatea aurreikusten dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!