Urriaren 28an ospatuko dute III. EDH jaialdia, Berriozarren

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 11a, 08:09

Edizio honek eszena autogestionatuarentzako lokal bat eraikitzeko helburuari helduko dio.  Ibil Bedi, Perlata, Kaleko Urdangak, Streetwise, Los Zopilotes Txirriaos eta Skabidean, izanen dira, besteak beste.

Ez Dago Hilda eszena autogestionatua sustatzeko kolektiboak Euskal eszena gaztetxeen aldeko kanpaina abiatu zuen 2019an. Aurtengo edizioan, eszena autogestionatuak dituen beharrak asetzeko lokal bat lortzeko helburuari helduko diote. Jaialdia urriaren 28an Berriozarko Ilargi parkean ospatuko da eta goizeko 12:00etatik 04:00etara bitartean 12 taldek kontzertua eskainiko dute. Hauek dira oholtza gainean egongo diren taldeak: Ibil Bedi, Perlata, Xoriñoak Kaloian, Kaleko Urdangak, Streetwise, Katu, Burutik, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean, Attürri, Penadas Por La Ley eta Azken Sustraiak.

EDH kolektiboak "gaztetxeek eszenari emandako laguntza eskertze bidean, eta Iruñerriko gaztetxeek jasandako errepresioa apaltzeko" bi jaialdi ospatu ondoren, eszenak dituen beharrak identifikatzeko inkesta bat zabaldu zuen. Musika taldeen artean behar horiei aurre egiteko erremintak lortu eta eszenaren eskutara jartzeko xedez. Bertan, "entsegu gela zein areto pribatuen presentzia altua" nabaritu dute eta gainera, udaletxe edo interes pribatuentzat etekina bermatzen duten eskaintza musikala mugatua da". "Entzuleak entzuten dutena eta musika taldeek jotzen dutena estandarizatuz", nabarmendu du kolektiboak.

Dagoeneko sarrerak 22€ren truke eskuratu daitezke Iruñeko Aitzina, Ezpala eta Herriko tabernetan, baita, online ere. Agortu ezean egunean bertan jaialdiko txarteldegian 25€ren truke eskuragarri egonen dira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!