Paderborn zentroan D eredurik ez egotea Nafarroako Gobernuari egotzi dio ELAk

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 8a, 08:16

Paderborn ikastetxeko azpiegitura berriak ikusi zituzten Gobernuko kideek joan den astelehenean. Arg: ELA sindikatua

ELAk egiaztatu du ikastetxe horretan D ereduko eskaerak egon direla, nahiz eta Hezkuntza Sailak ez duen behar bezala sustatu eta iragarri.

Sindikatuaren arabera, Mutiloako Irulegi ikastetxean matrikulatutako ikasleetatik 10 familia Lezkairukoak dira. Lezkairutik hurbilen dagoen ikastetxe horretan, 3 urtekoen 2 lerro bete dira, 25 ikasle bakoitzean, Haur Hezkuntzako ratioak markatzen duen muga. Hori dela eta, Victor Praderan matrikula egin dutenetatik, urrutiagoko ikastetxeetara bideratu dituzte, hala nola Hegoalde Ikastolara, Arrosadia auzoan.

"Hezkuntza Departamentuak berriro erakutsi du euskarazko kalitatezko hezkuntza publikoa babesteko asmorik ez duela", adierazi du ELAk oharrean. Gaineratu du, ez duela behar bezala sustatu eta iragarri D eredua Lezkairuko eskolan, ez duela ahaleginik egin Irulegin beste lerro bat irekitzeko eta duela urte batzuetatik salatzen ari diren gehiegizko ratioak estutzen jarraitzen duela. Familiak etxetik askoz urrunago dauden ikastetxeetara bidaltzen ditu Hezkuntza departamentuak sindikatuaren ustez "langile gehiagorengan ez inbertitzeko, eskaintzen den hezkuntza-kalitatearen kaltetan". ELAk berretsi du ratio linealen jaitsiera eta kalitatezko hezkuntza lortzeko borrokan jarraituko dutela, D ereduaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela hori delakoan Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan ikasle elebidunak bermatzen dituen eredu bakarra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!