Sarasate birmoldatzeko, ideia lehiaketako irabazlearen proiektua babesten segitzen du oposizioak

Euskalerria Irratia 2023ko ira. 5a, 09:19

 EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeek proiektu horren aldeko proposamena eramanen dute Hirigintza batzordera bihar. Joan den legegintzaldiko alkateak ez zuen babes nahikorik lortu diseinuari dagokionez. 

Aurrez aurre izanen dira bihar Cristina Ibarrolaren taldea, UPN, eta gainerako oposizioko kideak: EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin. Gurutze plazako lanak geldiarazita, orain, Sarasate pasealekua nola birmoldatzen pentsatzen ari diren honetan, Iruñeko Udaleko oposizioarentzat ideien lehiaketara aurkeztutako proiektu irabazlea litzateke aukera; ez ordea, UPNrentzat. Bestelako eraldaketa nahiko luke alderdi erregionalistak bestelako proiektu berria jarria duelako mahai gainean.

Hirigintza Batzordean eztabaidatuko dute gaia bihar eta proposamen bat izanen dute mahai gainean oposizioko lau taldeek aurkeztutakoa: 2019ko lehiaketan irabazle suertatu zen proiektuaren bidez egin dadila Sarasate pasealekuaren egokitzea. Garai hartan, Navarra Sumako Fermin Alonso eta Juan Jose Etxeberriak eman zuten lehiaketako irabazlearen berri. 2021ean Tokiko Gobernu Batzarrak Sarasate pasealekuko eta ondoan dituen kaleetako birmoldatzea esleitu zuen 10,2 milioi euroko aurrekontuarekin. Hamabost hillabetean egiteko lanak aurreikusten zituzten eta hasiera 2022ko urtarrilean jarria zuten. Arazoa izan zen, Udal Gobernuak beste proiektu bat aurkeztu zuenean: oposizioak garai hartan ere gehiengoa zuen eta ez zuen babestu UPNren nahi hura. 

Bihar oposizioak Hirigintza Batzordean aurkeztuko du ideien proiektuan irabazle izan zen lana aurrera ateratzeko proposamena. Plataforma bakarra izanen luke eta zuhaitzik bota gabe egiten ahalko litzatekeena. UPNk ordea eskuartean duenak altura desberdinak dituen egitasmoa da eta zenbait arbola bota beharko lirateke hori egin ahal izateko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!