Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (ISPLN) lanean ari da gripearen eta covid-19aren txertaketaren hurrengo kanpainan, eta urriaren erdialdean hastea aurreikusten da.
Osasun Ministerioak hainbat gomendio egin ditu 2023-2024 denboraldirako gripearen eta covidaren aurkako txertoak jartzeko. Izan ere, txertaketa bikoitz hori aholkatzen du, infekzio horiek izanez gero konplikazio edo koadro larriak izateko arrisku handiagoa dagoelako 60 urtetik gorako pertsonentzat – 177.000 inguru Nafarroan –, egoitzetan, desgaitasun-zentroetan edo espetxeetan daudenentzat, bai eta gaixotasun kronikoak dituzten 60 urtetik beherakoentzat ere, hala nola diabetesa, obesitate morbidoa, minbizia edo patologia kroniko kardiobaskularrak, neurologikoak edo arnasketakoak, besteak beste.