Istripua, asteartean, eguerdiko ordu biak laurden gutxi aldera gertatu zen, Zizurretik Iruñerako irteeran dagoen semaforoek erregulatzen duten oinezkoen pasabidean. Emakumea anbulantzia medikalizatu batean eraman zuten ospitalera baina azkenean Nafarroako Unibertsitateko Ospitalean hil egin zen barneko odoljario baten ondorioz.
Ana Etxeberria, Zizurreko bizilaguna zen eta CIP Uharten egiten zuen lan, orientazio departamentuan.
Zizur Nagusiko Udalak behin betiko konponbideak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari astearte honetan A-15 eta A-12 errepideen arteko bidegurutzean izandako istripuaren ondorioz.
Zizur Nagusiak gogorarazi du, ez dela pasabide horretan istripu bat gertatzen den lehen aldia, eta Nafarroako Gobernuak azpiegituraren segurtasuna egokitzeko lanak berrikusi behar dituela, behin betiko konponbidea bilatuz, eta ez bakarrik unean uneko hobekuntzak eskainiz.
Udalak, ohar batean adierazi duenez, doluminak helarazi nahi dizkio biktimaren familiari, eta ahalik eta sentsibilitate handiena adierazi nahi du gertaera tragiko horren aurrean.