Marga D´Andurain
Gaurko gizalabari Mata Hari euskalduna esaten diote. Izan ere, haren bizitza nahiko bitxia izan zen.
Exorzismoa jasan zuen, kondesa titulua asmatu eta erabili zuen bizitza osoan, Britainiarrentzat espiatu zuen, Egiptoko errege-familiarekin harreman estua izan zuen, hotel bat zuzendu zuen Siriako basamortuan, Meka bisitatu zuen lehen mendebaldarra izatea proposatu zioten, harem batean sartu zuten, eta, geroago, Yiddako espetxean (Saudi Arabia) espetxeratu eta harrikatuta hiltzera kondenatu zuten. Paris okupatuan, opioa naziei salduz aberastu zen, bere seme gazteena, Jacques, Frantziako erresistentzian aktiboki militatzen zuen bitartean. Eta bizitzaren azkeneko etapan, urrearen merkatu beltzean hasi zen aritzen. Horixe da gure Marga DÁndurainen bizitza. Zer deritzozu?
Hasieratik hasiko gara. 1889ko maiatzaren 29an Baionan jaio zen. Aita magistratu bat zenez, haren familia diru aldetik oso eroso bizi zen. Baina Margaritte ez zen ingurukoek espero zuten emakume fina, ez. Txiki-txikitatik oso bihurria zela agerian utzi zuen. Hamaika eskolatan ibilia zen, hamaika arazotan sartua, eta, azkenik, ama gaixoak, exorzismoa egitea erabaki zuen Baionako katedralean. Baina ez zuen ezertarako balio izan.
17 urterekin ez zituen onartu nahi amak proposatutako senargaiak, ondo bazekien haiekin askatasuna galduko zuela. Horregatik, bera baino 12 urte zaharragoa zen lehengusu txiki batekin ezkontzea erabaki zuen, eta, harekin, Pierre D´Andurainekin Argentinara bidaiatu zuen zaldien hazkuntza negozio bat abian jartzeko asmoz.
Baina proiektuak porrot egin zuen, eta Baionara bueltatu behar izan zuten bi semeekin.
Orduan, aita hil zitzaion Margaritteri (hemendik aurrera Marga izango dena, horrelaxe ezagutzen baitute historialariek). Diru mordo bat heredatu zuen. Konde titulua asmatuz, Kairora joan zen, eta edertasun-zentro bat zuzendu zuen, senarrarekin batera.
Noblezia titulu horrekin, bizitza osoan erabili zuena, ate guztiak zabalik aurkitu zituen. Horri esker, gainera, estatus handiko jendearen artean posible izan zuen ibiltzea, haietako batzuk bezero bihurtu izan zirenak.
Dirudienez, lagun berri horien arten Sinclair koronela zegoen, Britainia Handiko inteligentzia zerbitzuko burua. Margak eta koronelak amodio harreman bat zutenez, askok pentsatu zuten edertasun-zentroa tapadera edo estalgarri hutsa zela Margaren benetako jarduera ezkutatzeko: britainiarren zerbitzurako espioiarena.
Gainera, Palmirara joan zenez berarekin, zurrumurruak askoz handiagoak izan ziren/areagotu egin ziren.
Baina bidaia horrek bizitzari beste bira bat eman zion. Bidaia horretan oso zahartuta zegoen hotel bat aurkitu zuen. Hura erosi, nabarmen eraberritu eta Zenobia hotela sortu zuen. Leku dotore eta garrantzitsu bat izatera ailegatu zen, Agatha Christiek edo Alfontso XIII.ak bisitatu zutena.
1930ean, Marga Pierre senarrarengandik dibortziatu zen, nahiz eta berarekin bizitzen jarraitu. Hiru urte beranduago, Mekako hiri sakratuan sartzen zen lehen europarra izatea proposatu zioten. Hiri santua fedegabeentzat debekatua zegoenez, islamismora bihurtzea erabaki zuen, eta senar musulman bat bilatzea. Hori egin eta gero, Arabiarantz abiatu zen, Meka gogoan.
Baina Arabiako Jiddako portuan lehorreratu bezain laster, bertako agintariek susmo txarra hartu zuten haren ezkontza azkarra ikustean, eta atxilotu egin zuten. Marga gobernadoreordearen haremean sartu zuten, senar beduinoa haren bila etorri arte. Baina hura ez zen inoiz ailegatu, bidean hil zuten eta, egoera arraroan. Hori dela eta, Margari hilketa leporatu zioten, eta harrikatuta hiltzera kondenatu zuten.
Azkenik, Roger Maigret kontsul frantsesak salbatu zuen heriotza krudel hartatik, eta libre utzi zuten. Baina Margak ezin izan zuen Palmirara zuzenean itzuli, Frantziara bidali zutelako. Urtebete behar izan zuen Palmirara itzultzeko berriz.
Garai hartan, Baionako Le Courrier egunkarian “Arabian preso eta heriotzara kondenatutako euskaldun baten historia sinestezina” izenburupean artikulu sorta bat argitaratu zuen.
Behin Palmirara itzulita, semeak berriro aitarekin ezkontzeko eskatu zion, eta Margak onartu egin zuen; azken finean, oso harreman ona mantentzen zuelako Pierrekin. Baina senarrak gutxi iraun zion, berriro egoera bitxian hil baitzuten.
Gero, 1937an, Europara itzuli zen Marga.
Bigarren Mundu Gerran, Marga Jacques semearekin naziek okupatutako Parisen bizi izan zen. Han opioarekin trafikatuz ateratzen zuen bizimodua. Semea Jacques, bitartean, erresistentziako heroi bihurtu zen. Bestea, Pio, frontean hil zen.
Bere bizitzako azken etapan, abentura berri bati ekin zion. Marga Kongoko urre salerosketaren mundu arriskutsuan sartu baitzen.
Eta negozio horretan heriotza iritsi zitzaion. 1948an, 55 urte zituela, bere itsasontzian hil zuten. Gorpua, hiltzaileek itsasora jaurtia, ez zuten inoiz aurkitu.