George Sand
Igandean Iruñeko Liburu Azoka amaitu zen. Han ibili ginen gure “Irulegiko eskua” ipuinarekin gora eta behera, eta mahai inguru batean Gizalabei buruz solasean.
Eta, horregatik, ekarri dut gau George Sand idazlea hona. Alde batetik XIX. mendeko Europako idazlerik ezagunenetako bat delako, eta bestaldetik, ostegunean, ekainaren 8an, haren heriotzaren urteurrena izango dugulako.
Bere benetako izena Aurore Dupin zen; beraz George Sand izengoitia zeukan, izengoiti literarioa hain zuzen, idazle frantziarra baitzen.
1804ko uztailaren 1ean jaio zen Parisen. Bere ama familia xume batekoa zen, baina aita Frantziako mariskal jeneralaren biloba zuen, Saxeko kondea. Horrez gain, Poloniako erregea zen Augusto II.a Indartsuaren birbiloba zen atta, eta familia Frantziako Luis Felipe I.a erregearekin ahaidetuta zegoen. Beraz, atta aristokrata bat zen.
Baina horrek ez zuen eragin oso bizitza erosoa izatea gure gaurko gizalabari. Auroreren anaia lau urte besterik ez zituenean hil zen. 9 urte zituenean, aita istripu batean hil zitzaion. Eta, orduan, amarengandik urrundu egin behar izan zuen.
Ama eta amonaren arteko harremana ez zen batere ona, amonak begi onez inoiz ez baitzuen ikusi semeak zegokion gizarte mailako emakume batekin ez ezkontzea. Hori zela eta, Auroren aita hil zenean, neskatoak bere gizarte-egoerari zegokion heziketa jaso zezan, amonaren zaintzapean geratu zen, Parisen bizitzera joan zen ama maiz bisitatzeko baldintzapean.
Ezbehar horiek neskatxa ezegonkor izatera behartu zuten. Horrez gain, depresio batek jota egoteko zorian bizi izan zen luzaroan.
Apaiz batek, tutorea zeukanak, txikitatik irakurtzera bultzatu zuen, eta horrek kultura izugarria eman zion.
Amonarekin haurtzaroa eta gaztaroaren zati bat igaro zituen, andrea hil arte. Aurorak 20 urte zituen. Urtebete geroago, Casimir Dudevant baroiarekin ezkondu eta baronesa bihurtu zen. Bi seme izan zituen gizon aberats horrekin.
Baina hamar urte geroago utzi eta Parisera joan zen.
Jules Sandeau kazetaria ezagutu zuen orduan, eta maitemindu zen berehala. Haren eskutik “Le Figaro” egunkarian kolaboratzen hasi zen, eta “Rose et Blanche” eleberria idatzi zuen. J. Sand bezala argitaratu zuen liburu hori, Sandeau izena gogora ekartzen zuen izengoitipean, alegia. Izan ere, gizonak idazten lagundu zion.
Hurrengo eleberrian, ordea, “Indiana” izenekoa, Sandeauk ez zuen parte hartu, ez idazketa prozesuan, ez Auroraren bizitzan, bananduta baitzeuden ordurako. Hori zela eta, neskak ez zuen nahi bere lana berarekin identifikatzerik, eta izengoitia aldatu zuen. Sand deitura mantendu zuen, baina J.ren ordez G. bat jarri zuen. G. hori ondorengo lanetan George izen osoa bihurtu zen. George Sand idazlea sortua zen.
Eta zergatik hautatu zuen gizonezko izen bat? Bada erraza da imajinatzea, ezta? Gizonak emakumeak baino errespetatuagoak baitziren literaturaren arloan (bueno, eta beste arlo askotan, ere bai, gaur bezala). Ondo dakigunez, hori XIX., XX. mendekoa eta XXI. Mendeko ezaugarri nagusia dela, ezta? Hor dugu, adibidez, J.K. Rowling, Harry Potterren egilearen kasua. Bere izen osoa ez zuen jartzen liburuetan, emakume batekin identifika ez zezaten. Baina hori beste kontu bat da. Jarrai dezagun gure Aurorarekin, edo Georgerekin.
Esan beharra dago, George Sand oso errebeldea eta inkonformista izan zela beti. Erretzen zuen jendearen aurrean, prakak janzten zituen, nobelak idazten zituen... Portaera horiek ez ziren batere ohikoak garai hartako emakume aristokraten artean.
Gainera, aurreiritziak ere desafiatzen zituen, bai literaturan (haren liburuetan emakumeen aldeko jarrera islatzen zuen), bai arlo pertsonalean. Adibidez, 1836an dibortziatu egin zen, XIX. mendean!, eta senar ohiak haziendaren jabetzaren administrazioa itzultzea lortu zuen.
Frantzia iraultzailearen maitasun askearen ideiekin bat egin zuen, eta hamaika maitanle izan zituen. Horien artean, Chopin konpositorea egon zen. Harreman nahiko luzea mantendu zuten, eta 1838 eta 1839 arteko negu-denboraldian Mallorcara joan ziren, Sanden haurrekin batera, musikariaren tuberkulosia arintzeko Europa hegoaldeko klimari esker. 1841ean idatzi zuen “Negu bat Mallorcan” izeneko eleberrian egonaldi hura islatu zuen.
Garaiko artista eta intelektualak ere adiskide izan zituen. Liszt konpositorea, Balzac idazlea edo Eugène Delacroix margolaria, besteak beste.
Idazleak interes handia zuen sozialismo utopikoaren ideietan, eta idazki politiko askotan izaera iraultzaile eta errepublikar nabarmena islatu zuen. Baina bere konpromisoa haratago joan zen 1848ko iraultzan parte hartu zuenean errepublika eta emakumearen eskubideak defendatuz. II Errepublika ezartzean, aholkulari gisa aritu zen.
Baina egoera aldatu zenean, eta ordura arte Frantziako Errepublikako presidente izan zen Luis Napoleon Bonapartek bere burua enperadore izendatu zuenean, gure George, amonarekin bizi izan zen etxera itzuli zen, eta bertan ia etengabe bizi izan zen hil arte. Handik idazle gazteak babestu zituen, Flaubert kasu.
1876ko ekainaren 8an hil zen, urdaileko minbiziak jota, 72 urte zituela, baina, esan dugun bezala, atzean liburu pila bat utzi zituen idatzita, eta, gaur egun, XIX. mendeko Europako idazlerik ezagunenetako bat da, Frantziako Erromantizismo mugimenduaren erreferentea, alegia.