Entzutekoak

Emiliana Zubeldia, Jaitzeko konpositorea eta piano jotzaile unibertsala

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 30a, 21:07

Piano jotzailea, konpositore eta orkestra zuzendaria 1888an jaio zen. Iruñean eta Parisen ikasi zuen, eta 1928tik aurrera Amerikako hainbat herrialdetan ibili zen, bereziki Mexikon. Bere konposizioak eta lan pedagogikoa maila  handikoak izan ziren. Hau da Bakarne Atxikarrok aste honetan aurkeztu digun Gizalaba. 

Iruñetik oso gertu dagoen Jaitzen jaio zen 1888an, eta 5 urte zituela eman zuen lehen musika emanaldia, anaiak konposatutako obra bat interpretatuz. Hala ere, hiru urte geroago arte ez zen hasi musika ikasten musika eskola batean, Iruñean hain zuzen.

 

Bertan jarraitu zituen musika ikasketak, 16 urte bete arte. Orduan, Madrilera joan zen. Bertako Kontserbatorioan bikain nota batekin amaitu zuen haren formakuntza, eta, horren eraginez, Parisko kontserbatorioko ateak ireki zizkioten.


Baina aitaren heriotzak etxera itzularazi zuen. 21 urte zituen. Kontzertuak eta piano eskolak hasi zen ematen orduan, eta horretan aritu zen hamar urtez gutxienez, ezkondu arte, alegia.

 

Senar-emazteak ez ziren luzaroan elkarrekin bizi izan, Emiliana berehala banandu zen eta. Horren ostean, Parisera itzuli zen konposizio eta piano ikasketak egiten jarraitzeko.

 

Egonaldi horretan pieza batzuk konposatu zituen, eta Ravel eta Stravinskiren opera garrantzitsuetan entsegu-pianista gisa lan egin zuen.


Baina 1928an, 40 urterekin, Ameriketara joatea erabaki zuen. Rio de Janeiro, Sao Paulo, Montevideo, Buenos Aires... Eta, dirudienez, esperientzia gustukoa izan zuen, New Yorkera bizitzera joan baitzen handik bi urtera.

 

Behin han egonda, Andres Segovia eta Nikanor Zabaleta musikariak ezagutu zituen, eta haiekin hainbat kontzertu eta hitzaldi eman zituen.


Han ere bere bizitza eta ibilbide profesionala markatu  zizkion Augusto Novaro zientzialari eta musikari mexikarra ezagutu zuen. Emilianak Novaroren Musika Sistema Naturalaren planteamenduak ezagutu zituenean, txundituta geratu zen, eta bere esanetara jarri zen musika soinutik haratago dagoen kontzeptu gisa ulertzen duen proiektu horretan lan egiteko.

 

Handik aurrera Emiliana hainbat auditorium eta musika aretotan  jo zuen, Novarok sortutako instrumentu berriei egokitutako euskal kantak eta konposizioak interpretatuz.

 

1933an Mexiko bisitatu zuen lehen aldiz, Novarorekin batera. New Yorkera bueltatu zen gero, eta han lau urtez geratu zen, baina, azkenik,  1937an Mexiko Hirira joan zen bizitzera, maisuaren atzetik. Han bizi izan zen 10 urtez.


Urte horietako gehienak Novaroren instrumentuetan abestiak konposatzen eta interpretatzen eman zituen.


51 urterekin auto istripu bat izan zuen taxi batean, eta eskuineko besoko nerbioak lesionatu zitzaizkion. Horrek behin betiko kaltetu zuen bere ibilbidea: piano-jotzaile gisa zuen interpretazioa mugatu egin zen, eta, beraz, konpositore eta maistra gisa zuen jarduera areagotu egin zen. Horretan eman zituen urte batzuk. Horrez gain, Augusto Novarok etxean antolatzen zituen emanaldietan  bere konposizioak  jotzen zituen, eta gizonak  bere ikerketen aurrerapenen berri ematen zien  bertaratutakoei.


60 urte bete baino urtebete lehenago, Sonorako Unibertsitatearen gonbidapen bat iritsi zitzaion, musika-eskola zuzentzeko kalitate handiko musika-irakasle baten bila  zebiltzalako, eta postu hori  eskaini zioten.

 


Ordurako, Novaro hila zegoen; beraz, Emilianak arazo handirik ez zuen izan lanpostua onartzeko. Udazkenean iritsi zen hara, eta berehala hasi zen unibertsitateko abesbatzaren buruan lanean. Solfeoko, musikaren historiako eta pianoko maistra gisa ere lan egin zuen, ez bakarrik unibertsitateko ikasleena, Sonorako Unibertsitateak bigarren hezkuntzako eskola bat, prestakuntza-eskola bat eta eskola normal bat ere bazituelako .


Berrogeita hamarreko hamarkada jarduera kultural handikoa izan zen inguru hartan, maistraren presentziaren ondorioz. Kontzertuak, gonbidatutako artistekin solasaldiak eta abar antolatu baitzituen.

Era berean, Emilianak Mexiko Hirian bere burua aurkezten jarraitzen zuen noizean behin, abangoardiako artista gisa ospea izaten jarraitzen zuelako, Musika Sistema Naturalaren teorian oinarritutako musika-piezak interpretatuz.

 

Hamarkada horretan, bere konposiziorik garrantzitsuena izan daitekeena estreinatu zuen, Elegiako Sinfonia, bere ahizpa Eladiari eskainia. Pieza honekin, Emilianak Konposizio Sari Nazionala irabazi zuen.


Maistra Zubeldiak urteak eman zituen musika-kultura irakasten eta sustatzen, eta abesbatzetako zuzendari gisa egindako lana oso nabarmendua izan zen.

 

Sonorako Unibertsitateko Abesbatza sortu zuen, gaur egun ere funtzionatzen jarraitzen duena, eta laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Sonorako Unibertsitateko arte- ikasketak prestatzeko oinarria izango zena.


Abesbatza horrek pozik sentitzeko hamaika aukera eman zizkion. Adibidez, 1968ko Mexikoko Olinpiadetan parte hartu zuen, unibertsitateko telebistako programa batean  aritu zen, Mexikoko eta Ipar Amerikako Kultura Institutuko "Massersmith" areto nagusian aritu zen, Villahermosa, Zacatecas, Monterrey eta Guadalajara hirietara joan zen biran, eta Latinoamerikan ikusle gehien zituen “24 ordu” izeneko programan  emanaldi bat egin zuen.


 Aldi berean, Emilianaren kultura-sustapeneko jarduera egunkarietako argitalpenetara eta irrati eta telebistako agerpenetara hedatu zen, eta eragin handia izan zuen musika-kulturan Sonoran.


Bere bizitzako azken urteetan Atlantikoaren alde batean zein bestean eskaini zizkioten omenaldi eta errekonozimendu asko eskaini zizkioten.


Osasun arazo batzuen ondoren, Emiliana maistra 1987ko maiatzaren 26an hil zen 98 urte zituela. Beraz, joan den ostiralean Mexikon historia egin zuen nafar musikari honen 36. urteurrena ospatu genuen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!