Entzutekoak

Mariana Pineda, bere lagunak ez salatzeagatik heriotza-zigorra jaso zuen heroi liberala

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 23a, 18:37

Mariana Pineda gazteari heriotza zigorra ezarri zioten eta Granadan exekutatu zuten 1831ko maiatzaren 26an, Fernando VII.aren gobernu absolutistaren aurka borrokatzen zuten bere kide liberalak salatu nahi ez izateagatik. Exekutatu ondoren, Mariana askatasunaren aldeko martiri bihurtuko zen. hau da Bakarne Atxukarrok aste honetan aurkeztu digun Gizalaba. 

Mariana de Pineda

 

Gaurko gizalabak izen bitxia zeukan: Mariana Rafaela Gila Judas Tadea Francisca de Paula Benita Bernarda Cecilia de Pineda Muñoz

 

Espainiako VII. Fernando erregearen garaian bizi zen eta Garrote Vilera zigortuta hil zuten maiatzaren 26an, iraultzaile bat izateagatik. Beraz, aste honetako ostiralean haren heriotzaren urteurrena izango da, 92.a, hain zuzen.

 

Osagai horiekin gaurko pastela sukaldatuko dugu.

 

Granadan jaio zen 1804an. Granadako ontzi-kapitain eta Calatravako Ordenako zaldun baten alaba zen. Aita eta ama inoiz ez ziren ezkondu. Mariana jaio arte, bananduta bizi ziren (hori, ez zen batere ohikoa garai hartan, batez ere, emakumeen kasutan, statusa lortzeko ezkondu behar zuten eta.). Halere, bikote harreman egonkorra mantentzen zuten eta bi neskato hazi zituen, bata jaio zenetik gutxira hil zena, eta, bestea, gure Mariana.

 

Txikitatik, Marianaren bizitza berezia izan zen. Jaio ostean, ama eta alaba aitaren etxera joan ziren bizitzera. Aitak, hilabete batzuk geroago, gaixotasun kronikoa zuenez, agiri bat sinatzea erabaki zuen, amari alabaren gaineko eskubide guztiak emateko. Baina, handik gutxira, gizonak bere bikotekidea salatu zuen, alabaren izenean jarritako ondasun batzuez jabetu zelako, eta amak etxetik ihes egin behar izan zuen neskatoarekin.

 

Baina harrapatu zuten, atxilotu, eta Marianak aitarengana itzuli behar izan zuen.

 

Harekin bizi izan zen denboraldi batean, aita hil arte. Orduan, neskatoa osaba baten tutoretzapean geratu zen, eta hura baino askoz ere gazteagoa zen emakume batekin ezkondu ondoren, bere tutoretza-ardurak bere mendeko gazte batzuen esku utzi zituen; beraz, azkenik, haien ardurapean geratu zen Mariana haurtzaroan.


Hamabost urte zituela ezkondu zen Manuel de Peralta y Vallerekin, bera baino hamaika urte zaharragoa eta armada utzi berria. Dirudienez, garai hartan, Fernando VII.aren kontrako liberalekin bat egin zuen neskak, haren senarraren eskutik.

 

Handik oso gutxira, haur bat hazi zuen, José María, eta urte bat geroago, beste bat, Úrsula María. Baina, bi urte pasata, senarra hil zitzaion. Horren ondorioz, bat-batean hemezortzi urteko alarguna zen gure Mariana, eta bi seme-alaba txikiekin ama.

 

Ordurako, Fernando VII.ak absolutismoa berrezarrita zuen, eta Marianaren militantzia indartu zen. Hori dela eta, bere etxean, jazarritako liberalak hartu zituen, babesteko helburuz.

Absolutismoren kontrako mugimendu asko sortu ziren orduan, eta iraultza bat izango zela sumatzen zen. Kalean arrisku handia ere. Giro horretan, lehengusu bat harrapatu zioten Marianari, eta heriotzara kondenatu zuten. Marianak, hori jakinda, laguntza ematea erabaki zuen. Marianak ikusita zeukan nola monjeak askatasun osoz zebiltzala espetxeetan. Asko ziren, eta beste askori bisitak egiten zizkieten, azkeneko boluntateak jasotzeko helburuz, edo itxaropen hitzekin haien beldurra baretzeko. Ohikoak ziren, eta inork ez zieten kasorik egiten. Horregatik, bisita batean monje arropak eraman zizkion lehengusuari, gaztea mozorrotzeko. Marianaren estrategia arrakastatsua izan zen. Hari esker, lehengusuak eskapo egin zuen.

 

Kronika batzuen arabera, badirudi Marianak amodio affaire bat izan zuen lehengusu horrekin, baina ez dago frogatuta. Jakin badakigu, berriz, Jose de la Peña abokatu, militar eta idazlea izan zuela maitale, 1836an Ogasun ministro ere izan zena. Beste alaba bat izan zuen berarekin. Ez ziren ezkondu baina gizona haren ondoan egon zen beti. Izan ere, Marianaren kontrako epaiketako abokatu defendatzailea izan zen bera.

 

Epaiketa? Zergatik epaiketa? Dirudienez, Marianak liberalekin zuen harremana oso estua zen, eta guztion ezaguna. Batzuen esanetan Riegok (bai, ereserkiarena), egin zuen  matxinadan parte hartu zuen nolabait. Gero, Espoz y Mina saiatu zen antzeko zerbait antolatzen eta egiten, eta horretatik gertu ibili zen… En fin, azkenik preso hartu eta epaitu zuten. Baina ez iraultzan parte hartzeagatik, ez, bandera bat izateagatik baizik!

 

Dirudienez, 1931ko martxoan polizia bere etxean sartu zen, eta han “Askatasuna, Berdintasuna eta Legea” zioen bandera bat aurkitu zuten. Bere asmo iraultzaileen zalantzarik gabeko frogatzat hartu zuten segituan, noski.

 

Esan beharra dago historialari batzuek adierazten dutela bandera aurkitu zeneko baldintzek pentsarazten dutela poliziako agenteren batek sartu zuela, edo Marianak lana agindu zion brodatzaileetako batek berak.  

 

Badirudi brodatzaile hori preso hartu omen zutela, eta behartuta egongo omen zela bandera Marianaren etxean sartzera, poliziak gero han topatu eta akusaziorako oinarri bat izan zedin.


Segurtasun osoz ez dakigu zer gertatu zen etxe horretan, eta bandera horrekin, bainan garaiko kronikek bai esaten dute hasieran Mariana etxean konfinatu zutela, guardia baten zaintzapean. Baina Maianak, beti arima eske, handik hiru egunera ihes egiten saiatu zela, adineko emakume batez mozorrotuta.

 

Guardiak kalean harrapatzea lortu zuen, eta Marianak ez salatzeko erregutu zion, eta ihesaldian lagun ziezaiola proposatu zion. Fiskalak hori erabili zuen gero, bigarren delitu bat leporatzeko. Alde batetik, erregearen aurkako altxamendua prestatzeaz akusatua zegoen, eta beste alde batetik, ihes egiten saiatzea eta autoritatea seduzitzen saiatzea leporatu zioten. Ihes egiteko ahalegin horren ondorioz, bizitza txarreko emakumeen kartzelan sartu zuten.

 

Kronikek ere argi uzten dute agintari absolutistek, Mariana emakumea zenez, ez zutela iraultza liberalaren buruzagitzat jotzen, baizik eta atxilotu egin zutela konspirazioaren benetako buruak ziren konplizeak salatzeko. Izan ere, Granadako polizia burua gaituta zegoen indultua emateko, baita epaiketaren ondoren ere, konplizeei buruzko deklarazioa Marianak egiten bazuen. Baina hark ez zuen egin nahi eta isildu zen. Ez salbatu zuen lehengusu hark bezala, agintari absolutistei taldearen jardueren berri eman ziena indultuaren truke.


Marianaren aurkako akusazioaren oinarria bere etxean erregearen eta bere gobernuaren aurkako altxamendu baten zeinu bat aurkitu izana zen, talde iraultzaile batentzat seinale edo alarma izango zen bandera bat.


Froga gisa, bere etxean aurkitu zuen brodatze erdiko bandera aurkeztu zuten. Fiskalak ordenaren eta erregearen aurkako matxinada delitua egotzi zion, aurreko urteko Fernando VII.aren dekretuaren arabera heriotza-zigorrarekin zigortua zegoena.


Bere abokatuak defentsa sinesgarria egin bazuen ere, Mariana Pineda heriotza-zigorrera kondenatu zuten.


Exekuzio-egunean, antza denez, operazio bat prestatua zegoen bera askatzeko, baina arrazoi ezezagunengatik, ez zen egin. Beraz, ezerk ez zuen saihetsi 1831ko maiatzaren 26an, hogeita sei urte zituela, garrote vilean hil izana.


Haren exekuzioak liberalen kausa zigortu nahi izan zuen, eta horrek martiri bihurtu zuen haientzat, baita askatasunik ezaren aurkako borrokaren sinbolo herrikoi ere. Horren ondorioz, hainbat pieza dramatiko eta poematako pertsonaia nagusi bihurtu zen. Horien artean, Mariana Pineda antzezlana nabarmentzen da, Federico García Lorcarena, Primo de Riveraren diktaduraren zentsura gainditu behar izan zuena, eta 1927an estreinatu ahal izan zena.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!